#HuertaDePeraltaBorrokan Babes eta elkartasun haundia jaso dute Azkoienen grebalariek
Huerta de Peraltako grebalariek eta LAB sindikatuak Elkartasun Eguna deitu dute gaur Azkoienen. Ahotsa.info-k izandako mobilizazioen jarraipen berezia egin du goiz osoan zehar. Langileak asteazkenean bildu ziren Huerta de Peraltako zuzendaritzarekin, eta enpresaren erantzuna gaur ezagutu da: langileen eskariei ezetza borobila.
2019-ko urtarrilak 4
Huerta de Peraltako langileek hamar egun bete dituzte greba mugagabean, eta grebalariei babesa emateko elkartasun eguna antolatu du LAB sindikatuak. Goizean goizetik, jende andana bildu da enpresaren atarian, eta, eguerdian, manifestazio bat egin dute Azkoienen. Foru Poliziaren presentzia nabarmena izan da enpresaren atarian. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du manifestazio aurretik, eta jendarteari dei zuzena egin dio: “Ezin da onartu langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoeran egotea”.
Enpresak grebalariek egindako proposamenei gaur erantzungo ziela adierazi zuen, eta hala izan da. Langileen eskariak ez ditu kontutan hartuko esan die. “Enpresak, itzelezko ardurgabekeriarekin jokatuz, langileei ematen dien tratu txarrararekin soilik konpara daitekeena, komunikatu bat egin du Batzordearekin batzartu gabe, honek egindako proposamena guztiz baztertuz. Ezezko biribila eman zaio proposamen bati, zeinetan langileek arduraz jokatu zuten beste behin, erantzun moduan probokazio berri bat jasoz”, esan du LABek ohar batean.
Enpresaren jarrera ezagutu baino lehen, gatazkaren jatorriari buruz aritu da Garbiñe Aranburu: “Enpresak gatazkarekin amaitzeko aukera du gaur. Proposamen bat du mahai gainean. Huerta de Peraltako langileak esplotazio eta sasi esklabotza egoera batean aritu dira lanean, eta errealitate hau Nafarroako beste lur batzuetan zabalduta dago. Gainera, kontutan hartu behar dugu pertsona migrantez osatutako kolektibo bat dela hein handi batean, are eta egoera ahul batean daudenak”.
Aranburuk langile hauen determinazio goraipatu du. “Huerta de Peraltako langileek erabaki zuten egoeraren aurrean ez makurtzea, eta antolatu eta borrokatzea erabaki zuten, euren eskubideen defentsan. Eta borroka horrek emaitzak ekarri ditu, lan baldintzetan eta soldatetan hobekuntza nabarmenak lortu baitzituzten. Hala ere, dirudienez, enpresak ez du ondo hartu garaipen sindikal hori, eta jazarpenarekin, kaleratzeekin eta zigorrekin erantzun du patronala den aldetik”, salatu du LABeko Idazkari Nagusiak.
Aranbururen hitzetan, “berriro ere, langileak mobilizatzen ari dira, greba egiten ari dira. Horregatik, eredugarria iruditzen zaigu gauzatzen ari diren gatazka. Izan ere, esplotazio egoeran lan egitea enpresak irabazi gehiago lortzeko modu bat delako, baina, horretaz gain, langile kolektiboa menderatzeko modu bat ere bada”.
Hau dela eta, Garbiñe Aranburuk argi dauka borroka honek ez dagokiela Huerta de Peraltako langileei bakarrik, Nafarroako eta Euskal Herriko langile kolektibo guztiari ere: “Mugak zeharkatu dituen borroka bat da. Hain zuzen ere, nazioarteko hainbat eragile etorri ziren atzo elkartasuna ematera, eta gauer, elkartasun egun honen harira, beste enpresetako hainbat eta hainbat langile hurbildu dira babesa emateko”.
Nafarroako Gobernuari ere luzatu dio mezua, “modu zuzenean inplika dadin gatazkan. Enpresari gatazka konpondu dezan exijitu behar dio, enpresa honek diru publikoa jaso duelako eta gobernuak ardura politikoak dituelako lan gatazka honen konponbidean”.
Bukatzeko, Grabiñe Aranburuk nabarmendu du, enpresaren aldetik erantzun baikorrik egon ezean, greba batzordeak greba eta mobilizazioekin jarraituko duela kaleratutakoak berronartu eta zigorrak erretiratu arte. Zentzu honetan, LAB sindikatuak manifestazio batera deitu du astelehenerako, Iruñean. 12:30ean irtengo da Udaletxeko plazatik.