Proiektu ustela eta inposaketa bat delako, AHTren obrak gelditzeko eskatuko dute irailaren 29an Martzillan
Espainia eta Nafarroako gobernuek Abiadura Handiko Trenaren plataformaren lanen eraikuntzarekin aurrera jarraitzen dute, eta proiektu honen aurkakoek datorren irailaren 29an Martzillan AHTren lanetara martxa antolatu dute.
2018-ko irailak 21
AHTren aurka agertu diren antolakunde eta taldeek Nafar Korridorearen lanen jarraipena salatu eta lan horietara eginen duten martxan parte hartzeko deialdia egin dute, irailaren 29an, larunbatarekin, goizeko 11etan Marcilla ondotik hasiko dena. “AHTren LANAK GELDITU ORAIN!!!” izanen da mobilizazioaren leloa. Gaur aurkeztu dute ekimen hau Tafallan egindako prentsaurreko batean.
Duela gutxi, Azkoien eta Erriberriren arteko plataformaren eraikuntzarako lanak hasi dituzte. Era berean, Alesbes eta Azkoien arteko 5 kilometroko bidetartea OHL enpresari esleitu dute. Honetaz gain, ADIFek Erriberri eta Tafallaren arteko bidetarteak konkurtsora atera dituzte. Hori dela eta, AHTren aurkakoek lanak gelditzeko unea dela uste dute, “burugabekeria honekin bukatzeko unea”.
AHT proiektuak “inposaketaren eta ustelkeria” oinarritzat dituela gogoratzen dute, eta horren aurrean tren sozial eta publikoa aldarrikatzen dute. Manifestazio hau babesten dute eragileek hauek dira: AHT Gelditu! Nafarroa, Barañaingo AHTrik Ez, Bellota Libertaria, Erdi Aldeko Gazteak, Ernai, Fundación Sustrai Erakuntza, Tafallako Gaztetxea, Plataforma Cuenca de Pamplona-Iruñerria por el Tren Público y Social. TAV No, Plataforma Ribera por un Tren Social. No al TAV, Plataforma Sakana Trenaren Alde eta Erdi Aldea Trenaren Alde.