Uztailaren 7an, zezenketen aurkako kalejiran parte hartzeko deia egin du Iruñea Antitaurinak

"Gero eta gehiago gara sanferminetan animalien tortura arbuiatzen dugunok, animaliak hil arteko torturan oinarritzen den “jaia”ren muturreko ankerkeria arbuiatzen dugunok. Dagoeneko ez da onargarria." Mezu honekin eta San Fermin hauetan berriz kalera irtetzeko asmoarekin, Iruñea Antitaurina ekimenak uztailaren 7an eginen duen kalejira aurkeztu du gaur goizean.

2018-ko uztailak 3

Azpimaratu dutenez, zezenketen inguruko eztabaida mahi gainean dago, eta Iruñeak eztabaida horri heldu beharko dio. “Estatuko hainbat lekutan, baita nazioartean ere, nabarmenki murriztu dira zezenketen kopurua eta horietara joaten diren ikusleak. Bestetik, gazte gehienak zezenketen kontra daude (16 eta 24 urte artekoen %84)”, esan dute.

Iruñea joera orokor horretatik kanpo gelditzeak kezkatzen dituela adierazi dute. “Ezin da bihurtu iraganean ainguratutako “Foru Tordesillas” ezta, Alardearen antzean, haustura kronikoa ekar dezakeen gatazka gune ere. Heldu da, bada, gure jaiaren etorkizunari buruz denon artean eztabaidatzeko unea; heldu da zezenak torturatzeari eta hiltzeari alternatibak bilatzen hasteko garaia”, nabarmendu dute.

Eztabaida hori bideratzeko “jaietan parte hartzen dugunok, kanpoko inposiziorik gabe eta helburu eraikitzailea bilatuz” proposatzen dute. “Gure helburua da zezenketak bukatzea, horietan gertatzen baita torturarik handiena. Entzierroei eta bigantxen ikuskizunei buruz berezko eztabaida sortu beharko da”, gehitu dute.

Uztailaren 7an, arratsaldeko 7etan, Kalejira Antitaurinoa eginen dute. Jai ekitaldia izanen dela aurreratu dute, “dibertsioa ikuskizun odoltsuan oinarritzen ez duten herri jaien aldekoa”. Nabarreria plazan hasiko da, 3indarrok elektrotxarangak lagunduta, eta Baratzurien plazan bukatuko da.

Gehiago