Euskarazko haur eskolak auzo guztietan

Iruñeko Haur Eskoletan matrikulazioa egin berria da maiatzean, eta gogoeta egin daiteke euskarazko eskariaren bilakaeraz.

AET Administrazioan Euskaraz Taldea

2018-ko ekainak 15

Azkeneko urteetan asko zabaldu da euskarazko eskaintza. Orain dela urte gutxi
bi haur eskola bakarrik ziren euskaraz, eta biak Txantrean zeuden. Orain, haur eskola
publikoa duten 12 auzoetatik seitan aukera daiteke euskara. Orotara, 16 haur eskola
ditugu, 11 Iruñeko Udalarenak eta bost Nafarroako Gobernuarenak (auzo batzuetan
haur eskola bat baino gehiago daude). 

Euskara eskaintzen duten sei haur eskoletan izan diren eskaerak aztertuta,
ondorioa da euskarazko adarrak erabat sendotuta daudela. 

Euskarazko haur eskolak bete egin dira eskaintza dagoen auzo guztietan. Argi
dago euskarazko matrikulak izan daitezen lehenik eskaintza izan behar dela. 

Horrexegatik, auzo guztietan eskaini behar da euskarazko aukera. Oraindik
Azpilagañan, Buztintxurin, Etxabakoitzen, Mendillorrin eta Zabalgunean falta da. Eta
zer gertatuko da Lezkairuko haur eskola berrian? Hasteko, Lezkairuko haur eskola
berrian eta D ereduko ikastetxeak ondoan dituzten Mendillorrin eta Buztintxurin jarri
beharko litzateke euskaraz ikasteko aukera. Euskarazko haur eskolak nahi ditugu auzo
guztietan.

Gehiago