Portu eta Sarasolaren tortura kasuaren epaiaren inguruko mozioa aurkeztuko du Lesakan EH Bilduk
Udal taldearen ustez «aitzinera egin behar dugu behingoagatik giza eskubideen urraketa hau gelditu dadin eta urtetan torturatzaileek izan duten zigorgabetasuna bukatu dadin».
2018-ko otsailak 22
Tortura kasuak ikertzeko eta azaleratzeko beharra agertzeko eta tortura pairatu duten herritarrei elkartasuna eta babesa azaltzeko mozioa aurkeztuko du Lesakako EH Bilduko udal taldeak otsailaren 23an, ortzirale arratsaldeko 7etan hasiko den udal batzarrean.
Otsailaren 13an, Torturaren aurkako egunean, Estrasburgoko Auzitegiak, historian lehen aldiz Espainiar Estatua zigortu zuen Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarrekin tratu txar eta ankerra erabiltzeagatik.
Lesakako EH Bildutik gogor salatu du «bai Igor eta Mattinek, eta baita bertze hainbertze pertsonek ere jasandako tratua Espainiar Estatuaren partetik. Epai honek argi uzten du Espainian Estatuaren jarduna eta giza eskubideen urraketa». Beraz, EH Bilduk uste du badela garaia egindakoa onartzeko eta aurretik gertatutako tortura salaketa kasu guztiak argitzeko. «Ez hori bakarrik, behingoagatik horrelakorik berriz ez gertatzeko beharrezko mekanismo eta neurriak martxan jartzeko garaia dela uste dugu», dio oharrean.
Honengatik guziarengatik, Lesakako EH Bilduk mozio bat aurkeztu du otsailaren 23an Lesakako Herriko Etxean arratsaldeko 7etan eginen den osoko bilkuran lantzeko. Igor eta Mattin lesakarrak direnez eta beraz kasu honek eragin berezia duenez lesakarrengan, zenbait konpromiso hartzea proposatuko diote Udalbatzari.
Lehenengo puntuan, «Lesakako Udalak tortura kasuak ikertzeko eta azaleratzeko beharra agertzen du eta tortura pairatu duten herritarrei elkartasuna eta babesa azaltzen die. Era berean, egia, aitortza eta erreparaziorako daukaten eskubidean laguntzeko bere prestutasuna agertzen du Udal honek».
Bigarren puntuan, Lesakako Udalak Nafarroako Gobernuari eskatuko dio dio torturaren gaia azaleratzen eta biktimak erreparatzen laguntzeko bere esku dagoen guztia egin dezan, eta bide horretan egiten ari den eta eginen dituen urratsei babesa ematen die.
Hirugarrenean, Lesakako Udalak Espainiar Estatuari, behingoagatik tortura eta tratu txarren kasuetan, eta bereziki Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarren kasuan izandako ardura onartzea eskatuko dio, eta aldi berean, gaia azaleratzen eta biktimak erreparatzen laguntzeko bere esku dagoen guztia egin dezala. Era berean mekanismoak martxan jarri ditzala holakorik berriz ere gerta ez dadin. Hartara, torturak dokumentatzeko egitasmoaren garrantzia eta beharra azpimarratzen du.
Lesakako Udalak, mozioa onartuko balitz, erabaki hauen berri emanen die, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari, Lesakako herritarrei ere jakinaraziko dielarik.
Lesakako EHBildurentzat, mozio hau onartzeak garrantzia handia du eta Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenak, «Espainiar Estatuaren aldetik tortura existitu dela adierazten du, urtetan erabili duen argudioa, hau da atxilotuen tratu txarren salaketa sistematikoa zela, bertan behera uzten du». Nazioartetik heldu den lehen urrats honi helduz, EHBilduren ustez «aitzinera egin behar dugu behingoagatik giza eskubideen urraketa hau gelditu dadin eta urtetan torturatzaileek izan duten zigorgabetasuna bukatu dadin. Bada garaia pertsona hauen guztien eskubideak bermatzeko instituzioek duten ardurari heltzeko».