Ziordian bilduko dira asteburu honetan “Aman Komunak” ekimenari bultzada berri bat emateko

"Aman Komunak" iniziatiba 2017ko ekainean sortu zen, Notre-Dame-des-Landes herriko ZADen izan zirenen harremanen haritik. Euskal Herri osoko kolektibo eta jendeak biltzen dira bertan, autogestioari eta orokorrean herrigintzari bultzada bateratua emateko.

2018-ko otsailak 20

“Elkar ezagutzea eta dinamiken egituratzea dugu xede, bakoitzaren esperientzia, baliabide eta gogoei indarrak eskainiz, baita guztien artean proposamenak adostuz. Gardentasuna, horizontaltasuna eta inklusibitatea hartu ditugu oinarri, aniztasunak ederrago eta eraginkorrago egiten gaituela sinetsita”, aipatzen dute antolakuntzatik.

Hiru hilabetean behin, askegune batean elkartzea erabaki dute, auzolanak burutu eta iraulketen antolatzeko, “beti ere talde eta pertsona berriei ongi etorria emanez”. Eta oraingo honetan, Ziordian elkartuko dira. Amarauna gune autogestionatuan, hain zuzen ere. Bertan emanen dute asteburu osoa hainbat tailer, hitzaldi eta auzolan saioak egiten.

Jardunaldi hauen gako nagusiak eraldatze sakona, auzolana, burujabetza, autogestioa, elkar zaintza, autodefentsa, intsumisioa eta batasuna izanen dira.

Larunbatean goizeko 10:00etan bertaratzen direnei ongi etorria emanen zaie eta segituan auzolana antolatzeko bilkura eginen da. Eguerdi aldera Amarauna proiektuaren aurkezpena eginen da eta ondoren bazkaria. Arratsaldean berriz auzolanari ekinen diote eta 19etan hurrengo eguneko biltzarra prestatzeko asanblada irekia eginen da. Ondoren afaria.

Igandean goizeko 11etan biltzarra eginen da eta eguerdiko 14etan bazkaria. Arratsaldean biltzarrean sortutakoa garatzeko aukera izango dute.

Otorduetarako behar den janariaren oinarria antolakuntzatik jarriko
da, baina hauek osatzeko barazki, edari, etxeko piper edo dena delakoak
ongi etorriak izango dira.

Lo egiteko koltxoi eta burukoak daude, lo zakua ekartzearekin
nahikoa da.

Gehiago