Milaka saski prestatu dituzte Ablitasen Errigora-ren azken kanpainaren baitan
3.egunez jarraian ekimen ezberdinak burutu dira Ablitaseko herri kooperatiban. Prest dira ehundaka boluntariok prestatutako saskiak eta ondorengo 10 egunotan zerrendak eskariz betetzeko deia luzatu du Errigorak.
2017-ko azaroak 6
Eskualdez eskualde dabilen Errigorako karpa, heldu da Ablitasera ere. Elikadura burujabetza, euskara eta Nafarroa ardatz dituen ekimenak, herriz herri zubiak eraikitzen ari den karpa ibiltaria jarri du aurten martxan. Oreretan hasi eta egunotan Ablitasen ikusi daitekeen karpatxoa, dagoeneko Galdakao, Lekeitio, Leitza eta Iruñeatik ere pasatu da eta datorren egunetan herrialdez herrialde bueltaka jarraituko du. Hauxe beraz aurtengo kanpainako berritasunetako bat, alegia, mobilizazio eta “herrilana” indartu dituen “zubigintza” ariketa. Karpa aitzakitzat hartu eta eskuz esku elkarbanatzen ari den testigua.
Ablitasen egunotan, karpa jartzearekin batera, ekimen ezberdinak izan dira. Esaterako, ostegunean egun bikaina pasatu zuten Lodosa, Biana eta Tutaerako ikasle eta Porrotx Pailazoak. Abestu, dantzatu, bertako produktuak dastatu eta Ablitaseko olio errota bera ere bisitatzeko aukera izan zuten. Porrotxen ahotik, Errigora zer den eta nola antolatzen den entzun ahal izan zuten ikasle eta irakasle hauek. Baita larunbatean saskiak osatzeko erabili dituzten kartoizko kutxak elkarrekin prestatu ere.
Ostiralean berriz, Ablitaseko herri kooperatiban bertan, kanpainan parte hartu duten 25 ekoizleak bildu ziren. Eta baita aldi berean larunbatean saskiak osatzeko behar izan dituzten produktu guztiak ere. Errigorak, zabaldu dizkien plaza berriak, kontsumitzaileekiko sortzen ari diren harreman zuzenak eta etorkizunera begira ekimen honek sor ditzazkeen merkatu eta zirkuito alternatiboak izan zituzten mintzagai. Iniziatiba herritar batek izan dezakeen erreferentzialitate eta indarraz jardun zuten eta baita etorkizunera begira “herrilanean” sakontzen joateko beharra azpimarratu ere.
Eta larunbatean, karparen aurrean bolondresak elkartu ziren berriro saskiz saski, katelanean eskari guztiei aurre egiteko dena prest utziz. Ondorengo asteetan 200 herritik goran banatuko dira, baina oraindik bada eskaria egiteko aukera, azaroaren 14 arte.