Urriak 12: Alde hemendik!
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua
2017-ko urriak 11
Urriaren 12an Hispanitatearen Eguna ospatzen dute batzuek, eta
berarekin batera, Espainiar Koroaren izenean Ameriketan 1492an hasitako
sarraskia. 1987ko urrian lege bidez ezarri zuten Espainiako “jaiegun nazionala”
izango zela eta, lege horren artikulu bakarrean, zera zioten:
“Aukeratutako datak, urriak 12, gure pluraltasun kultural eta politikotik
hasitako Estatu baten eraikitze prozesua bukatzear zegoelarik, eta Espainiako
erreinuak monarkia bakar batean batzekoa, Europako mugetatik haratago
hasitako proiekzio linguistikoa eta politikoaren epea hasi zueneko efemeride
historikoa sinbolizatzen du.”
Horrela definitzen ditu Espainiako Estatuak Ameriketan hasitako
erailketak, torturak, bortxaketak, arpilatzeak eta garbiketa etniko eta kulturala,
eta gainera efemeridea ospatu. Hau, ordea, ez da harritzekoa, izan ere
Espainiarren proiekzio linguistikoa eta politikoa ezin baita ulertu biolentziaz
egin duen erabilpenik gabe. Eta horrela ulertzen da hobeto urriaren 12a Indar
Armatuen eguna ere izatea, bata eta bestea elementu banaezinak baitira.
Mendeak pasatu dira eta bortizkeriaren bidez eraikitako estatu artifizial
hark zutabe berberen gainean jarraitzen du zutik. 40 urtetan ezarritako
frankismoak, miloika hildako uzteaz gain, Espainia desagerrarazitako pertsonen
kopuruaren zerrendan munduko bigarren tokian jarri zuen, Kanbodiaren
atzetik, eta errepresioa kontzientzia nazional propioa bizirik mantentzen zuten
herriekin tematu zen bereziki, Euskal Herria eta Kataluniarekin alegia.
Alabaina, ez dugu 80 urte atzera egin behar frankismoaren eta bere Indar
Armatu zapaltzaileen jarduera errepresiboa ikusteko. Nahikoa dugu Euskal
Herriko historia hurbilenenari so egitea Guardia Zibilaren eta Polizia
Espainolaren (baita zipaioena ere) erailketak, torturak, bortxaketak, bahiketak
eta abar luze bat ikusteko eta Espainiartasuna bortizkeria basatiaren bitartez
inposatzen jarraitzen digutela konturatzeko.
Kataluniak gaur egun aurrera daraman prozesu independentistak agerian
utzi du berriz espainolismoaren aurpegirik ilunena. Agerian utzi du faxismoak
bizirik eta dominatzen jarraitzen duela eta egoeraren arabera bere errepresio
maila moldatzen duela. Estatu baten autoritarismoa ez da neurtzen unean
erabiltzen dituen bitarteko hertsatzaileengatik, baizik eta erabiltzeko prest
dagoenengatik.
Bere askatasun nazionala lortzeko bidean lanabes baketsuak besterik
erabili ez baditu ere eta haien aldarrikapen nagusia erreferendum bat egiteko
eskubidea izan bada ere, Espainiar Estatuak bozkatzea debekatu eta
Kataluniako herria jipoitu zuen.
Kataluniari onartutako konpetentzia apurretako batzuk bertan behera
utzi, kaleak gizon eta emakume armatuz bete, Konstituzio espainolaren 155.
artikuluari bidea ireki eta eraso faxistak bultzatu egin ditu Espainiako Estatuak.
Arrazoiaren bidez konbentzitu ez baina indarraren bidez garaitu nahi dute
Kataluniako herria.
Bide batez, gure mugimenduari gustatuko litzaioke gogoraraztea, hain
zuzen ere faxismo horren aurka altxatzeagatik daudela oraindik kartzelan,
erbestean eta deportazioan horrenbeste euskal errepresaliatu politiko. Batzuek
esango dute borrokan erabili zituzten bitartekoak ez dituztela konpartitzen,
beste batzuek bide baketsu guztiak agortu eta gero gelditzen zitzaien bide
bakarra hartu zutela, baina inork zalantzan jarri ezin duena da haien borroka
askatasunaren aldekoa dela eta beraien helburuak guztiz zilegi.
Adierazitako guztiagatik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren
Aurkako Mugimenduak urriaren 12an Indar Okupatzaileei Euskal Herritik alde
egin dezaten aldarrikatzeko deia egiten du, eta hori egiteko manifestazioa
antolatu du egun horretan, 12:00etan Plaza Eliptikotik. Urriaren 12an ez dugu
ezer ospatzeko! Indar Okupatzaileak, alde hemendik!
Euskal Herria, 2017ko urriaren 10a.