Mobilizazioak iragarri dituzte Nafarroan Kataluniarekin bat egiteko eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko

Nafarroako haibat pertsonek, Katalunian gertatzen ari denaz kezkaturik, erabakitzeko eskubidearen alde eta eskubide zibil eta politikoen defentsan kalera ateratzeko deia egin dute. Bihar ostirala PPren egoitzaren aurrean arratsaldeko 19etan kazerolada bat eginen dute, eta urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, manifestazio bat antolatu dute.

2017-ko urriak 5

Urriaren bata mugarria izan da Europako demokraziaren eta askapenaren historian, azaldu dute gaur prentsaurrekoan bildutako norbanakoek. “Poliziaren basakeriaren aurrean 2,2 milioi katalanek bozka eman zuten mundu osoaren begien aurrean. Munduko egunkari garrantzitsuenek iritzi bereko irakurketa inprimatu dute euren lerroburuetan eta azaletan. Argi utzi dute: bozkatzaile baketsuen aurrean, 78ko erregimenaren indarkeria basatia dago”.

Urriaren bateko 840 zaurituak ikusi eta gero, norbanako hauek interpelatutak sentitu dira. “Epailetzak, klase politikoak eta poliziak bozkatzea eragozten saiatu ziren, baina ehunka milaka bozkatzailek bozkatzea lortu zuten”, gogoratu dute. “Ezin dugu herri oso bati egindako horrelako gehiegikeriarik onartu” eta 78ko Erregimenaren menpe oraindik bizi diren pertsona gisa, “Bartzelonan edota Murtzian adierazpen askatasuna, antolaketa askatasuna eta jendarte bakoit- zak bere bizitza eta munduko bere zatitxoa nahi duen bezala antolatzeko eskubidea urratzen dituen estatu hau desmunta dadila eskatzea da gure eginbeharra”, esan dute.

Autokritika egiteko aukera ez dute galdu nahi izan, eta 2015eko uztailean, Europako herriek ez zutela “behar bezalako maila eman” Grezian gertatzen ari zenaren aurrean iritzi dute. “Austeritate planen kontra gehiengo handiz bozkatu zuten milioika greziarren gainetik pasatzen utzi genituen Europako boteretsuak”, onartu dute. “Ezin da berriro gauza bera gertatu. Inork ezin du Kataluniaren etorkizuna erabaki han bizi diren pertsonen gainetik”, eta gogoratu dute Herrialde Katalanak zapaltzen duen Estatua “nafarron borondatearen gainetik agintzen duen erregimen bera dela. Gaur katalanak zauritzen dituzte. Bihar gu geu izan gaitezke. Geure etorkizuna Katalunian ere jokatzen da”, esan dute.

Mobilizazioak urriaren 6an eta 12an

Egoera honen aurrean kalera irtetzeko deia zabaldu dute. PPren egoitzaren aurrean bihar ostirala (19etan kazerolada), eta urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, manifestazioa 17etan Gaztelu Plazatik.

Gehiago