Euskarazko haur eskolak Iruñeko auzo guztietan
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2017-ko abuztuak 28
Hizkuntz ereduari dagokionez, ez da erraza haur eskoletako matrikulazio
datuak interpretatzea, eskaintzak guztiz baldintzatzen duelako eskaera.
Hala ere, datu batzuk azpimarra daitezke:
Donibane, Printzearen Harresi eta Goiz Eder euskarazko haur eskolak bete
egin dira, eta itxaron zerrendak dituzte. Txantrean Izartegi euskarazko haur eskola da
itxaron zerrenda duen bakarra.
Alde Zaharrean aurten zabaldu du Nafarroako Gobernuak euskarazko
eskaintza, gaztelaniazkoa mantenduta, eta matrikulazio datuek argi utzi dute nagusiki
euskarazko eskola eskatzen zutela bertako gurasoek.
Sanduzelain azken momentuan zabaldu zuen Nafarroako Gobernuak
euskarazko eskaintza, soilik bularreko haurren artean, kasik publizitaterik gabe. Hala
ere, eskaera handia izan du, gaztelaniazkoak baino handiagoa.
Gaztelaniazko haur eskola batzuek (Ninia Etxea, Mendebaldea eta Hello
Azpilagaña, batez ere) itxaron zerrenda handi samarrak dituzte, baina euskarazko
eskaintzarik ez dago toki horietan. Hello Buztintxurin eta Mendillorrin ere itxaron
zerrenda luzea dute, baina 2014an Iruñeko Euskalgintzak bildutako datuen arabera,
euskarazko eskaera handia dute. Zalantzarik gabe, leku horietan euskarazko
eskaintzarik ez izanik, ezin dugu egiaztatu zenbatek nahiko luketen euskaraz.
Bi urte hauetan argi gelditu da herritarrek euskarazko haur eskolak nahi
dituztela auzo guztietan, eta eskaintza dagoenean bete egiten dela. Aurreko
legegintzaldietan herritarren nahia isilarazi egin da.
Horren aurrean, jarrera aktiboa eskatzen diegu Iruñeko Udalari eta Nafarroako
Gobernuari: Euskarazko haur eskolak nahi ditugu auzo guztietan. Buztintxurin eta
Mendillorrin has daitezke, adibidez.