Ortzadar, LGTBI kolektiboaren aniztasuna ezagutzeko aukera paregabea

Maiatzaren 17an LGTBIfobiaren aurkako eguna dela, STEILAS sindikatuak material didaktiko hezitzailea argitaratu du. Ortzadar du izena eta hezkuntza sisteman zabaltzea proposatzen dute.

2017-ko maiatzak 16

Bihar, LGTBI fobiaren aurkako eguna ospatuko da, Munduko Osasun Erakundeak gaixotasun mentalen zerrendatik homosexualitatea kendu zuenetik 17 urte betetzen direnean. Transexualitatea, ordea, ez du ezabatu zerrendatik oraindikan.

Efemeride hau aprobetxatuz, eta gaur egun gure gizartean eta bereziki Hezkuntzan oraindik ere LGTBI+ kolektiboarekiko existitzen diren ezagutza-ezak, aurreiritziek, beldurrek, fobiek eta gorrotoak , STEILAS sindikatuak  hezkuntzarako unitate didaktiko berri bat argitaratu du, non aurkitu daitezke Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta euskaltegietarako jarduerak, LGTBI+ irudi positiboa zabaltzeko hezkuntza sistema osoan.

STEILASen iritziz “aniztasuna aberastasuna da”, eskoletako zein gizarteko aniztasuna aukera pedagogikoa dela sinetsi eta erakutsi behar dugu, arazoa baino. Ez dugu jendarte uniformean bizi nahi; aitzitik, aniztasunari egin behar diogu gorazarre. Bihur dezagun, bada, aldarrikapen.

Bestalde, material honek badu galdera sorta bat ikastetxearen egoera aztertzeko. Helburua du eskola ebaluatzea LGTBI+ ikuspuntutik. Zoritxarrez, emaitzak nahiko kaxkarrak izanen dira kasu gehienetan, baina tresna honekin bestelako ikastetxe bat bilakatzeko aukera dugu, ikasle ororentzat onuragarria izanen dena.

Material honekin bilatzen dena da aniztasun afektibo sexualaren eta genero aniztasunaren ikuspuntua sartuta egotea arlo eta maila guztietan. “Hezkidetza da horretarako bide bakarra. Ikastetxe guztietan hezkidetza planak garatu behar dira eta langileek gutxieneko prestakuntza jaso behar dute “.

Material guzti hauek www.steilas.eus webgunean aurkitu daitezke jeisteko.

Gehiago