Zaldiko Maldiko Kultur Elkartearen 2016ko Sariak AET eta Izquierda-Ezkerra alderdiantzat
Iruñeko Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteak Lamien Urrezko Orrazia eta Asto-Masto sariak AET-Administrazioan Euskaraz Taldea eta Izquierda-Ezkerrari eman dizkio. Lehenengoari euskararen alde egindako lanagatik eta bigarrenari euskararen aurka erakutsitako jarreragatik.
2017-ko maiatzak 2
2016. urteko Lamien Urrezko Orrazia AET-Administrazioan Euskaraz Taldearentzat izan da, Nafarroako euskaldunon hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko eta euskararen erabilera gizartearen arlo guztietan zabaltzeko asmoz azken urteotan egindako akuilu lan nekaezinagatik.
Administrazioan Euskaraz Taldea 2001. urtean sortu zen, Administrazioa euskalduntzeko eta euskararen presentzia arlo publiko guztietara zabaltzeko asmoarekin, eta, hori helburu, 15 urteotan lan handia egin du oso baliabide gutxirekin.
Nafarroako euskaldunek pairatzen ditugun hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko, hainbat bide erabiltzen ditu AET taldeak: elkarretaratze eta agerraldi publikoak, kexa-idazkiak aurkeztea Arartekoaren Bulegoan, errekurtsoak Nafarroako Administrazio Auzitegian, idazkiak igortzea hedabideetara, bilerak alderdi politiko eta enpresaburuekin, etab.
Taldeak azken urteotan aurrera eraman dituen kanpaina eta ekintzen artean, honako hauek nabarmendu daitezke: Nafarroako sarbideetan ongietorria emateko dauden kartel guztiak elebitan jartzearen aldeko kanpaina, Euskal Telebistako kate guztiak (ETB1, ETB2 eta ETB3) Nafarroan ikusi ahal izateko kanpaina, Iruñeko zine-aretoen arduradunekin bilerak euskarazko filmen proiekzio gehiago eskatzeko, Iruñerriko osasun zentroetan euskarazko arreta bermatzeko kanpaina, erakunde publikoen errotulu eta argitalpenak elebitan eskatzeko ekintzak, Osasun Txartelaren testua elebitan agertzeko kanpaina,…
Horrekin guztiarekin batera, nabarmendu beharra dago, bestalde, 2015eko hauteskundeen ondoren Nafarroako Gobernua eta udal asko euskararekiko jarrera irekiagoa duten alderdi politikoen esku gelditu badira ere, Administrazioan Euskaraz Taldeak ez duela hargatik amore eman, eta bere horretan segitu duela euskaldunen hizkuntz eskubideak irmoki defendatzen, kosta ahala kosta.
Horregatik guztiagatik, Zaldiko Maldiko kultur elkarteak Administrazioan Euskaraz Taldeari eman dio 2016ko Lamien Urrezko Orrazia saria, gure hizkuntzaren presentzia Nafarroako gizartearen esparru guztietan hedatzearen alde egindako lana jendaurrean eskertzeko.
Asto-Masto saria, pena haundiz, Izquierda-Ezkerrari
Gehienetan saria jaso dutenak PSNren edo UPNren inguruko pertsona eta erakundeak izan badira ere, aurtengoan, berriz, Izquierda-Ezkerrari ematea izan da Zaldiko Maldikoren erabakia. “Pena handiz ikusi ahal izan baitugu, kostata eta traba aunitz gainditu ostean, hainbeste desiratutako aldaketarako Gobernua lortu den honetan, aipatu alderdia euskararen normalizazioan beharrezkoak diren zenbait arlotan galga izaten ari dela”, azaldu dute.
“Tamalez, asko dira aipa genitzakeen adibideak: Irakasleen lan eskaintza publikoan irakasle euskaldunak nabarmen kaltetzen dituen neurrien alde sutsuki aritzea, Iruñeko haur eskolen aferan izan duen jarrera, matrikulazio kanpaina, euskararen lege aldaketa… Izugarri poztuko ginateke jarrera hori zuzenduko balute, horrek lagunduko lukeelako, zalantzarik gabe, Nafarroan euskararen normalizaziorako bidean aurrera egiten”.