Zinegoak zinema jaialdiak LGTB kolektiboaren egoera ikasleen artean zabalduko du

Zinegoak, LGTB Zinemaren eta Arte eszenikoen Nazioarteko Jaialdia, Iruñera eta Tuterara iritsiko da, martxoaren 21 eta 23an, ikasleekin egitekoak diren proiekzio eta emanaldien bitartez. Jaialdiak, Nafarroan estreinako aldiz, ikusgarri egin nahi du LGTB kolektiboaren errealitatea eta ezagutzera eman areto komertzialetara nekez irits daitezkeen edukiak.

2017-ko martxoak 17

Iruñean eta Tuteran proiektatuko da, martxoaren 21 eta 23an, pasa den hilabetean Bilbon egin zen Zinegoak LGTB Zinemaren eta Arte eszenikoen Nazioarteko Jaialdian aurkeztutako proiekzio, film labur eta dokumentalen sorta hautatu bat. Jaialdia erreferente bat da LGTBren inguruko zinema-ekoizpenean eta orain Nafarroara iritsiko da lehen aldiz, jendeari gay, lesbiana eta transexualen gaiak helarazteko asmoz, eta aniztasunaren gainean sentsibilizatu eta hori ikusarazteko.

Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi berezi Laura Berrok, Zinegoak-en Nafarroako koordinatzale Helena Bengoretxeak eta Kattalingune-LGTB zerbitzuko koordinatzaile Xabi Sánchezek eman zuten jarduera-programaren xehetasunen berri. Programan tarteka eginen dira jendeari oro har zuzendutako proiekzioak eta lan-saioak, Bigarren Hezkuntzako ikasleekin. Jaialdiak berak sortutako ZG Hedapena ekimenari esker etorriko da Nafarroara Zinegoak, eta Iruñeko eta Tuterako udaletxeen zein Kattalingorri elkartearen eskutik eginen du. Kattalingorrik Nafarroako LGTB taldeak biltzen ditu eta LGTB Kattalingune zerbitzua kudeatzen du, lesbianei, gayei, bisexualei eta transexualei arreta eta informazioa ematen dizkien zerbitzu bat.

Nafarroako ZG Hedapenak ikusgai egin nahi ditu LGTBI pertsonak, eta gune publiko zein pribatuetara ekarri haien gaineko eztabaida. Ekintzak egin nahi ditu eta itunak sortu politika, kultura, gizarte, ekonomia eta jurisprudentziaren esparruetan, sexu-aniztasunaren inguruko eskubideak balioetsi eta errespetatze aldera. Halaber, sentsibilizazio-ekimenak proposatu eta egin nahi ditu, LGTBI taldekoen bizitza-baldintzak hobetzeko eta haien auto-ordezkaritza zein autonomia sustatzeko. Eta azkenik, sexu-orientazioaren edo genero-identitatearen karietara jasaten diren bazterkeriak eta bidegabekeriak oro errotik ezabatu nahi ditu.

Hiru egunetan, proiekzioak eta topaketak ikasleekin
Jarduerak martxoaren 21ean hasiko dira, 20:00etan, Golem Baiona zinema-aretoetan. Bertan, Zinegoak zinemaldia Nafarroan aurkeztuko da Iruñera eta Tuterara eginen den hedapen baten bidez, non transexualen gaiak ukitzen dituzten filmak ikusiko baitira jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin. Hasierako jardunaldiari buru emateko, Transit Havana dokumentala proiektatuko da, Daniel Abmak zuzendutako Herbehereetako eta Alemaniako ko-ekoizpen bat.

Hilaren 23an jaialdiak bi saio izanen ditu. Goizean, Iturramako Civivoxeko ekitaldi-aretoan lan-saio bat izanen da, non ikusgai jarriko baitira film labur batzuk; horren ostean, eztabaida-saio bat eginen da Iturrama BHIko ikasleekin. Arratsaldean, jendeari oro har zuzendutako saioan, berriz ere Golem Baiona zinema-aretoetan, 20:00etan, film hauek proiektatuko dira: Grávido (Alejandro Durán), Take your partners (Siri Rødnes), Oh be Joyful (Susan Jacobson), Home (More Raca), Gabber Lover (Anne Cazenave-Cambet) eta Mamma vet Bäst.

Martxoaren 22an Tuterara joanen da Zinegoak, eta hor, Iruñean bezala, goizean lan-saio bat eginen du bertako institutuetako ikasleekin, eta arratsaldean, 20:00etan, Moncayo zineman, Iruñean proiektatutako film berberak jarriko ditu ikusgai, bai eta ondoren horien gaineko eztabaida egin ere.

LGTB zinemaren erreferentea, 2004tik
Zinegoak, Bilboko LGTB Zinemaren eta Arte eszenikoen Nazioarteko Jaialdia, 2004an sortu zen, sentsibilizazio-tresna gisa, Hegoak elkartearen ekimenez. Urtarrilaren bukaeran egiten ohi da, edo otsailaren hasieran, eta Estatu espainiarraren hitzordurik garrantzitsuenetako bat bilakatu da LGTBko gaiak ukitzen dituzten zinema-ekimenetan. Izan ere, estreinakoz eman izan dira bertan film eta film luze batzuk. Jaialdiaren finantzaketa osoa laguntzaile eta babesle pribatuen kontura doa, eta batez beste 10.000 lagunek parte hartzen dute jaialdian.

Zinegoak zinema klasikoa da, esperimentala, komertziala, egile-zinema, eta bada, baita ere, jaialdiak dirauen bi asteetan zehar egindako hitzaldiak, antzerkia, festak, kontzertuak, erakusketak eta topaketak. Jaialdiak berak sustatutako Zinegoak Hedapena izeneko ekimenari esker, jaialdiaren edukiak eta filosofia Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hogeita hamar herri baino gehiagotara iritsi dira, eta aurten, estreinakoz, Nafarroara ere. Hartara, filmak iritsi dira halako edukiak nekez eskura ditzaketen herritarrengana, eta aniztasunari zein kulturari lotutako jarduera bat egin ahal izan da, Zinegoak urtero sortzen dituen ikus-entzunezko baliabideak erabilita.

Gehiago