Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzeko dekretu proiektua, gabeziez beteta
Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 29/2003 Foru Dekretua aldatzeko Proiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. 2017ko martxoaren 7an amaituko da parte hartze prozesua. Aurrerapausoa ote da? Azter dezagun!
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2017-ko martxoak 1
Euskararen Legea aplikagarria da Estatuko Administrazioan. Legea garatzen
duen Dekretua, ordea, ez. Hori ez da aurrerapausoa.
Hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuetan, langileei buruz ez du ezer ezartzen.
Hori ez da aurrerapausoa.
Eremu euskaldunean elebitasuna ezartzen du, oro har. Baldintza
soziolinguistikoek eta herritarren jarrerek hori baino gehiago ahalbidetzen dute.
UEMAn dauden udalen jarduna baldintzatuko du, gaztelaniarantz lerraraziz. Hori ez da
aurrerapausoa.
Baztango Udaleko Euskararen erabilera normalizatzeko Planak talka egiten
zuen aurreko Dekretuarekin eta talka egiten du Dekretu honen Proiektuarekin. Alde
horretatik, Proiektu hau ez da aurrerapausoa.
Eremu mistoan euskaraz hasitako espedienteetan erantzuna ele biz izatea
aurreikusten du. Artikulu honek talka egiten du herrietako euskararen ordenantzekin,
kasu horietan erantzuna euskaraz jasotzea aurreikusten baitute. Hori ez da
aurrerapausoa; hori atzerapausoa da.
Euskara eskakizuna duten lanpostuak zehazteko urtebete aurreikusten da.
Horrela 9 hilabete galtzen dira, 3 hilabeteetan egin daitekeelako. Susmo txarra pizten
du horrek.
Euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, meritua izanen da. Oposizio-
lehiaketetan (hauetan azterketa egiten da eta merituak ere baloratzen dira) zenbat
puntuatuko den zehazten da. Eta zer gertatzen da oposizioetan (hauetan azterketa
bakarrik egiten da)? Oposizioetan euskara ez da puntuatuko. Orain arte, Nafarroako
Gobernuek oposizioaren sistema erabili dute gehien-gehienetan. Beraz, gauzak ez dira
diruditena. Eta euskararentzat zehazten diren portzentajeek (% 7-14 eremu mistoan
eta % 11-23 eremu euskaldunean) oposizio lehiaketa osoarenak dira ala merituaren
zatiari bakarrik dagozkion portzentajeak dira? Ez da zehazten; beraz, merituaren zatiari
bakarrik dagozkionak izanen dira, eta benetako portzentajeak hauek izanen ditugu: %
2’1-4’2 eremu mistoan eta % 3’3-8’9 eremu euskaldunean (jakina, tarte horiek gutxieneko portzentajean aplikatuko lirateke, gehien-gehienetan). Eta aipatutako
portzentajeak Nafarroako Foru Administraziorako dira soilik, ez toki entitateetarako.
Honek guztiak ondorio bat du: Aurrerapauso txikia da.
Foru Dekretuaren Proiektu honen arabera, euskarazko lanpostuetan euskaraz
ez dakiten langileak sar daitezke, euskarazko zerrendak agortzen direnean. Zerrenda
horiek berriz osatzeko aurreikuspenik ez dago dagokion artikuluan. Hau ez da
aurrerapausoa; hau atzerapausoa da.
Eremu “ez euskaldunean” aukerakoa uzten du elebitasuna ezartzea, euskaraz
jakitea eskatzea edo meritu moduan puntuatzea. Praktikan gauzek orain arte bezala
segi dezakete. Hala ere, ez arautzearen ondoriozko linbo juridiko hori ageriko aukera
bihurtzea, bai, aurrerapausoa da. Aurrerapauso psikologikoa eta, ziur aski, ondorio
praktikoak izanen dituena.
Nafarroako Gobernuko zerbitzu zentraletan irudi eta komunikazioei dagokienez
elebitasuna ezartzea, bai, aurrerapausoa da. Zuzenean ondorio juridikoak izanen
dituen aurrerapausoa. Baina hainbeste gabezia duen Proiektu batean, ez ote da
izanen beteko ez den aurreikuspen bakarra?