Emakumeen martxa Valladolideko espetxera larunbata honetan
Otsailaren 11n Valladolideko espetxera martxa egingo du Bilgune Feministak. Dagoeneko 5 autobus bete dira. Bilgune Feministak 15 urte betetzen ditu aurten eta hau izanen da lehen ekimena. 12 dira espetxe ezberdinetan bakartuta dauzkaten emakume preso politikoak. Valladolidekoan Nahikari Otaegi donostiarra dago. Espetxe horretako baldintzak bereziki kaxkarrak dira emakumeentzako, “Zulo” deitzen duten modulu txiki batean daude guztiak pilatuta eta patiora apenas sartzen da eguzkia.
2017-ko otsailak 9
Elkartasun, maitasun eta argudioz beteriko ia bost autobus bete ditu Bilgune Feministak asteburu honetan Valladolidera joateko, “historikoa” izango den martxa honetan. Espetxe martxaz gain, lau bideo labur argatiaratu dituzte, preso ohi, senide, aditu eta mugimendu feministako kideen mezuekin.
Euskal Herriko Bilgune Feministak 15 urte betetzen ditu 2017an. Urteurrena ospatzearekin batera, Euskal Herriaren burujabetza feministarantz bidean sakontzeko eta aurrerapausoak emateko aprobetxatuko dute urtea.
Gatazka politiko armatuaren konponbidean feminismotik eragitea dute helburu. “Oraingoan, emakumeak eta kartzelaren gaian sakondu nahi izan dugu eta aspalditik egiteko gogoa geneukan espetxe martxa feminista bat antolatu dugu”, adierazi du Bilgune Feministak.
Larunbata honetan izango da hitzordua. Urteurrenaren lehenengo ekimena izango da eta Valladolideko espetxera egingo dute martxa. Arrazoi ezberdinegatik erabaki dute bertara joatea: alde batetik, bertan emakume preso politiko bakarra dagoelako (Naikari Otaegi, donostiarra). Guztira 12 dira espetxe ezberdinetan bakartuta dauzkaten emakume preso politikoak. Bestetik, espetxe horretako baldintzak, espazioaren antolaketari dagokionez, emakumeentzako bereziki kaxkarrak direlako. “Zulo” deitzen duten modulu txiki batean daude guztiak pilatuta eta patiora apenas sartzen da eguzkia. Euskal Herritik nahiko hurbil dagoen espetxea izanda, ekimen jendetsu eta parte hartzailea izatea espero dute.
Emakume presoek bizi dituzten “zapalkuntza anitzak” salatzea eta “espetxeen izaera patriarkala” jopuntuan jartzea dute helburu martxa honekin. “Espetxeratzeak suposatzen dituen zaintza lanak, nagusiki emakumeon bizkar gainean egon direnak eta daudenak aitortzea; zigor-sistemaren inguruko gogoeta feminista bat bultzatzea; eta oro har, dispertsio politika salatzea eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea exijitzea” bilatzen du Bilgunek.
Etxeraten bitartez, ekimenerako sortu dituzten kamiseta batzuk helarazi zaizkie emakume euskal preso politikoei egunean bertan beraiek barruan eta euren senideek ere bisitetan jantzita eramateko. Horrez gain, eskutitz bat bidali zaie beste bi proposamenekin. Alde batetik, elkarrekin kanta dezaten eguerdiko 14.15ean Izar Mendigurenek egin duen bertsoa. Eta bestetik, emakume preso bakoitza bere bizipenetan oinarritutako eskutitz bat idaztera gonbidatu dute, emakume bezala zer suposatzen du preso egoteak eta nola egiten diote aurre errealitate honi azalduz.
Iruñeko autobusa goizeko 8.30etan abiatuko da. Izena emateko, webgune honetara jo.