23 lan deialdi legea urratzen
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2016-ko abenduak 9
“Euskararik gabe, Nafarroa ulertzerik ez” zioen Nafarroako Gobernuak
Euskararen Egunerako egindako kanpainak. Beraz, nola uler daiteke Gobernuak 23
lan deialdi egin izana euskara baloratu gabe, eta, gainera, legea urratuta? Legeak dio
eremu euskalduneko lanpostuetan euskara jakitea baloratu behar dela (euskara
nahitaezkoa ez den kasuetan), eta eremu mistoan balora daitekeela. Baina Nafarroako
Gobernuak, lehengoak eta oraingoak, kontratazio zerrendak egiten ditu euskara
baloratu gabe, eta gero zerrenda horiek berak erabiltzen ditu Nafarroa osorako, eremu
euskalduna barne. Gobernuak legea urratzeari utzi behar dio, eta eremu euskaldunean
euskara jakitea balioetsi behar du. Eremu mistoan ere euskara jakitea kontuan hartu
beharko luke, Legeak ematen duen aukera baliatuta. Eta, hori dena alde batera utzita,
guztiz presazkoa da eremu euskaldunean jendearekin harremana duten postuetan
euskara nahitaezkoa izatea: Medikuak, erizainak, liburuzainak, enplegu zerbitzuko
langileak… Horretarako, plantilla organikoan aldaketak egin behar dira.