Foro Sozialaren jardunaldiak azaroaren 4an eginen dira Nafarroako Parlamentuan biktima ezberdinen parte hartzearekin

Jardunaldiak bi mahainguru izango ditu eta bertan bilduko dira bortizkeriaren adierazpen ezberdinak pairatu dituztenak, hala bortizkeriarik gordinena jasan dutenak, senide hurbil bat galdu dutelako, nola ETAren mehatxupean bizkartzainekin bizi behar izan duten hautetsiak, torturatuak, jazarpenaren bortizkeria jasan dutenak edo Frantziako zein Espainiako espetxeetan sakabanatutako presoen senideak.

2016-ko urriak 29

Nafarroako Foru Sozial Iraunkorra sortu da eta azaroaren 4an antolatu dituzte jardunaldiekin ibilbide oparo bati hasiera eman nahi diote. Foro honen helburua gizartearen parte hartzea bultzatzea da, bake prozesua azkartzeko. Foro Soziala 2013an jaio zen, hainbat elkartek, nazioarteko erakundeekin elkarlanean, abiatutako ekimen baten ondorioz. ETAren bortizkeria amaitu eta bost urtera, eta asko aurreratu bada ere, hainbat gaitan ez dela aitzinatu edo emandako urratsak txikiegiak izan direla azpimarratu dute. “Blokeoak gertatu dira: alde batetik, Espainiako eta Frantziako estatuek ez dute armagabetze arautua bultzatu nahi izan; bestetik, zailtasunak daude alderdi politikoen arteko elkarrizketa bultzatzeko gai hauen inguruan. Blokeo hauek ekimen guztiak ezerezean utzi dituzte, eta bake prozesua oso egoera zailean utzi dute”.

Egoera zaila honen aurrean “urrats ausartak emateko prest” eta bake prozesuari bultzada emateko pertsonak eta erakundeak behar direla uste dute. “Erabat sinetsita gaude gizartearen parte hartzeari esker soluzioak aurkituko ditugula bake prozesua egonkortzen laguntzeko”, gehitu dute, euskal jendartearen parte hartzea azpimarratzeko. “Foro Sozialaren bidez ikusle hutsak izatetik eragile aktiboak izatera pasa nahi dugu bake prozesuan”.

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak hamaika lagun biltzen ditu, norbanakoak zein sarea osatzen duten 14 elkarteen ordezkariak, horietako batzuk Nafarroan presentzia dutenak. Denek dute ibilbide luze bat eskubide guztiak pertsona guztientzat ideiaren defentsan: Fernando Armendariz. José Luis Uriz, Begoña Uharte, Andoni Serrano, Espe Iriarte, Aitor Etxeberria, Tere Fagoaga, Juanje Soria, Carlos Aitor Yuste, Roberto Oiz edo Txemi Perez.

“Badakigu oraindik sentiberatasun asko falta direla sare honetan. Garbi utzi nahi dugu prest gaudela gure ateak irekitzera eta horixe dela desio duguna. Dei egin nahi dugu, honen bidez, gure ekimen honetan parte hartu nahi duen orori bere ekarpena egin dezan eta batu dadin gurera”, esan dute.

Foroak lantzen dituen gaiak hauek dira:
1. Armagabetze prozesua nola diseinatu, garatu eta burutu.
2. Preso eta iheslarien gizarteratzea nola erraztu.
3. Giza eskubideak nola bultzatu eta nola bermatu.
4. Egia eta memoria nola zaindu, iraganari zintzoki aurre egiteko eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarri zuzenak ezartzeko.

Orain “Hitzorduak” izeneko ekimena aurkeztu dute. Lehen ekitaldia datorren azaoaren 4an egingo da Parlamentuan, laugarren ardatzaren inguruan: Nafarroan elkarbizitza eraikitzen.

“Gai hau hautatu dugu uste dugulako Nafarroan oraindik lan handia egin behar dela bortizkeria mota ezberdinak pairatu eta elkarri bizkarra emanda bizi direnen artean zubiak altxatzeko”, diote.

Jardunaldiak bi mahainguru izango ditu. Bertan bilduko dira bortizkeriaren adierazpen ezberdinak pairatu dituztenak, hala bortizkeriarik gordinena jasan dutenak, senide hurbil bat galdu dutelako, nola ETAren mehatxupean bizkartzainekin bizi behar izan duten hautetsiak, torturatuak, jazarpenaren bortizkeria jasan dutenak edo Frantziako zein Espainiako espetxeetan sakabanatutako presoen senideak.

Bi mahainguruen bidez, Nafarroako gizartearen pluraltasuna errespetatu nahi izan dute eta, lekukotasunen bidez, bortizkeria ezberdinak jasan behar izan dutenen arteko komunikazio zubiak eraiki, enpatiak sortu eta errealitate berri baterantz urratsak ematea bilatzen dute.

Gehiago