Espekulazioaren aurrean giltza hartzeko deia egin dute Mendillorrin

Mendillorriko etxebizitza lantaldeak okupaziorako deia egin du. Salatu dutenez, etxebizitzaren aldeko margoketa batzuk egiten ari zirela erasoa jasan zuen gazteetako batek.

2016-ko urriak 25

Etxebizitza espekulazioaren aurrean giltza hartu eta okupaziorako bidea hartzeko deia egin du Mendillorriko Etxebizitza Lantaldeak. Salatu dutenez, Iruñean 7.800 etxebizitza daude hutsik, eta 35.500 Nafarroa osoan. Mendillorri auzoko gazte ugarik emantzipatzeko nahia erakutsi arren, ezinezkoa zaiela gaitzetsi dute: “Nafarroako hiru gaztetik bat langabezian dago, eta lana duen gazteak oso lan prekarioa izaten du orokorrean”. Etxebizitzen merkantilizazioak ere eragina dauka, Mendillorriko gazteen arabera.

“Miseria eskaintzen duen sistema kapitalistaren aurrean” alternatibak sortzeko prest daude, ordea. Eta horregatik egin dute giltza hartzeko deia: “Gure esku dago eskaintzen dizkiguten papurrak hartu ala horri hortzak erakutsi eta alternatibak eraikitzea”. Etxe hutsak okupatzeko deia egin dute.


Gazte bat erasotua

Salatu dutenez, etxebizitzaren aldeko margoketak egiten ari zirela erasoa jasan du Mendillorriko gazte batek: “Erasoaren ondorioz lepoko tiratuarekin, ahoan zauri sakonarekin eta hortz bat gabe bukatu zuen”.

Gehiago