Etxebizitza eskubidea Nafarroan

Aurreko gobernuaren etxebizitza legea moldatzeko nafarroan onartuko diren aldaketak, kasu zehatz batzuk konpondu arren pertsona guztion etxebizitza eskubidea bermatuko ez duen adabakia besterik ez dira

Elkartzen elkartea

2016-ko urriak 24

Aldaketek, funtsean, babestutako alokairua sustatu asmoz etxebizitza berri gehiago eraikitzeko eraikuntza-enpresekin lortutako akordio bat dute oinarri. Alde batetik, alokairuaren zenbatekoa etxebizitza premian dauden pertsonek ordain dezaketen errentaren araberakoa izan beharrean, metro karratuaren salneurriaren murrizketan oinarritzen da. Eta bestetik, etxebizitzaren jabetza ez da administrazio publikoaren esku gelditzen, nahiz eta babespeko etxebizitza horien eraikuntza guztion diruarekin ordaindu. 

Behin eta berriz errepikatzen den akatsa errepikatuko da oraingoan ere: diru publikoa esku pribatuetara bideratuko da babespeko alokairua sustatzeko. Zer dela eta ez da diru publiko hori “alokairu sozialeko etxebizitza publikoak” sustatzera bideratzen? Zergatik ez da diru publiko hori Administrazio publikoak kudeatuko lukeen eta, hain gai garrantzitsua izanik, benetako partehartze soziala izango lukeen ETXEBIZITZA PARKE PUBLIKOA handitzera bideratzen? 

Etxebizitza hutsen erabilera bermatuz, etxebizitza premian dauden pertsonen beharrizanak aseko dituen alokairu sozialeko etxebizitza Parke Publikoa sortzea da egin beharrekoa. Etxebizitza berri gehiago eraikiz hirigintza basatiaren dinamika eroan jarraitzen dugu, hondamendi sozial, ekologiko eta ekonomikoa eragin duen dinamikan, zeinak egungo krisi eta bazterketa sozial testuingurura ekarri gaituen. 

Eraikuntza enpresekin lortutako akordioan oinarritzen diren Legearen aldaketek Botere Judizialarekin eta erreskatatutako bankuen etxebizitzak kudeatzeko sortu zen Sareb elkartearekin erdietsitako akordioak ere hartu dituzte kontuan. 

Sareb delakoarekin lortutako akordioa (Nafarroako Gobernuari 6 urtez 30 etxebizitza uztea) lorpen gisa saltzen zaigu, 30 etxebizitza besterik ez direnean, alegia, ogi apurrak besterik ez. Hasera haseratik Sareb delakoak kudeatzen dituen milaka etxebizitzek publikoak izan behar zuten, izan ere, Sareb bera finantza sistema “garbitzeko” helburuz diru publikoarekin, alegia, guztion diruarekin sortutako elkartea baita. 

Bazterketa soziala eragin dezaketen etxe-gabetze kasuak antzemateko Botere Judizialarekin erdietsitako akordioari dagokionez; batetik, oso berandu dator… nolatan onar lezake “ustez” justizia egiteko ezarri zitzaigun “Justizia” horrek etxe-gabetzeengatik edo beste edozein arrazoirengatik pertsonak bazterketa sozialera kondenatzea? Eta bestetik, Administrazioak bere lana ongi egin eta guztioi dagokigun ETXEBIZITZA ESKUBIDEA bermatuko baligu, inoiz ez ginateke egungo egoerara iritsiko. Arazoa ez da juridikoa, arazoa borondatezkoa da, borondate politikoaren eremukoa. Arazoari benetako eta erabateko konponbidea emateko borondate politikoa behar da, etxebizitza premian dauden pertsona guztiei, etxe-gabetutakoei zein etxebizitza eskuratu ezin dutenei, etxebizitza duin bat bermatuko dien konponbidea bilatzeko borondatea. 

Bestalde, Etxebizitza plan bat osatzeko partehartze publikoaz hitz egiten zaigu, Legearen aldaketa hauek idazteko egon den partehartze “publiko” bakarra eraikuntza enpresena izan denean, ekarpen eta iradokizunak helarazteko e-posta helbide bat jartzera eta eragile sozial bati eraikuntza enpresekin aurrez adostutako neurriak azaltzera mugatu direnean. Horri deitzen diote partehartze soziala? 

Nola esan dezakete etxebizitzarik ez dutelako edota etxe-gabetzeen ondorioz etxebizitza galdu dutelako bazterketa sozialera kondenatuak dauden pertsonak egon daitezkeela? Babespeko alokairuan (ez alokairu sozialean) dauden etxebizitzen parkea handitzeaz ere mintzo zaizkigu Nafarroako Gobernuak 479 etxebizitza publiko hutsik mantentzen dituenean. Nola manten daitezke hainbeste etxebizitza hutsik etxebizitza premia hain handia denean? Gogoratu behar dugu egun Nafarroan 35.466 etxebizitza-huts eta oso gutxi erabiltzen diren 24.540 bigarren-etxebizitza daudela. Akaso ez dira etxebizitza nahikoak herritarren arazo nagusienetako bati irtenbidea emateko? 

Etxebizitzaren arazoari errotik ekin behar zaio, hutsik dauden milaka etxeak egoki erabili behar dira funtzio sozial egokia bete dezaten. Ondasun higiezinen zerga igo daiteke, edo hutsik dauden etxebizitzei kanon bereziak ezarri, edo Europako beste herrialde batzuetan egiten den bezala, beren erabilerarako desjabetu. Akaso ez al zaituzte desjabetzen boteretsuek kanal bat, autopista bat edo urtegi bat egin nahi dutenean interes sozialari erreferentzia eginez? Ez al da etxebizitza eskubide sozial eta gizatiar bat? Nori egiten dio mesede gehiago eraikitzeak hainbeste etxebizitza huts dagoenean? 

Iruñean berriki ikusi dugu gazteek hutsik dagoen etxebizitza bat okupatu dutenean sakoneko arazoak berdin jarraitzen duela, Administrazioak etxebizitza bat erabiltzeko eskubidea ukatzen jarraitzen duela. Horren oinarrizkoa den eskubidea ukatzen jarraitzen den bitartean, Elkartzen-etik okupazioa erabat legitimoa dela ulertzen dugu!! Egindako ekintzak kontzientziak astintzeko eta etxebizitza baterako sarbiderako oinarrizko eskubidearen ukazioa mahai gainean jartzeko balio izan du. 

Gaur egun, Euskal Herriaren osotasunean, jabetza pribatuak izatea eta negozioa egitea eskubide sozial eta gizatiarren gainetik dago. Epaileek zergatik ez dute etxebizitza baterako, lanerako edo diru-sarrera duin baterako eskubidea ukatzen dutenen aurka jotzen? 

Errepresio poliziala eta judiziala (beti berdinen aurka doana) ez da irtenbidea eta arreta sakoneko arazotik aldentzen du. 

Gazteak eta herritar guztiak antolatzera eta gure eskubideen alde borrokatzera animatzen ditugu. Euskal Herri osorako Etxebizitza Lege bat behar dugu, hirigintza basatia gaindituz eta hutsik dagoen etxebizitzen erabilera bultzatuz, pertsona guztientzako alokairu sozialeko Parke Publiko bat eratuz jabetza pribatuaren gainetik. Eta noski, legearen osatze prozesua eragile sozialekin eta interesa duten herritarrekin egin behar da. 

Zure eskubideak defenda itzazu!!

Gehiago