Urriaren 9an Euskal Herriko erdigunera mendi martxa ospatuko da

Irurtzuneko Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak antolatuta Euskal Herriko erdigunera mendi martxa burutuko datorren igandean.

2016-ko urriak 4

Euskal Herriko erdigune geografikoa 2004an finkatu zuen Felix Isasak. Euskal Herria bere osotasunean kontutan hartuta burutu zuen azterlanaren emaitza izan zen. Andia mendilerroan kokatuta dago, Beriain mendi tontorretik nahiko hurbil. Olibesario sakonune edo saroian, 1236 metroko altueran. Leku izugarri ederrean.

Erdigunea mendilerro hain errefentzialean eta mendi inguru hain ederrean kokatuta egonik, mendi martxa da Independentistak Sarearen ustez egin daiteken ekimenik naturalena, eta mendizaleen mundutik antolatua, ezinbestez.
“Euskal mendi taldeak eta mendizale jarduera beti izan dira oso herritarrak eta oinarri sozialean sustraituak. Aldi berean, gure mendi tontorrak euskal herritarren aldarrikapenen lekuko izan dira. Mendizaletasuna beti egon da euskal nortasunari, askatasunari, naturari, herri aldarrikapenei, … loturik. Mendiak gure herriaren historiaren lekuko erraldoi isilak dira. Mendi tontorretatik jabetzen gara ama lurraren handitasunaz eta gure lurrarekiko loturaz”, adierazi dute.

Euskal Herriaren “lurraldetasunaren eguna”
Erdigunea bada, zerbaiten erdigunea da. Euskal lurraldeen erdigunea. Euskal Herriaren erdigunea. Lurraldetasunaren adierazgarri.
Zentzu horretan, mendi matxa hau “lurraldetasunaren martxa” eta “lurraldetasun eguna” bilakatzen joango litzateke urtetik urtera: euskal herrialde guztietako jendea, Euskal Herriaren bihotzetik, euskal lurralde osoari begira. Hori da antolatzaileen asmoa, behintzat. Eta horretarako egitarau erakargarria prestatu dute mendigozaile guztiendako. Goiz goizetik, hiru zutabeen irteera Irañeta (9.30), Unanu (8.45) eta Senosiainetik (8.15). 11:30etan ekitaldia Erdiguneko mugarrian, eta 15:00etan bazkaria izanen da Irañetako Baskoetxea bordan. Txartelak www.independentistak.eus webgunean eta 943 561 853 telefonoan eskuratu daitezke.

Gehiago