Bakaikun herri galdeketaren galdera zehazteko prozesua martxan jarri dute

Datorren azaroaren 27an euren etorkizunari buruzko herri galdeketa egingo da Sakanako herri honetan. 300 herritarrek izango dute bozka emateko aukera. Herri kontsulta hau "erronka handia" dela aitortu dute antolatzaileek, eta horregatik, galdeketa elkargune anitz, garden, parte hartzaile eta zabala izatea nahi dute.

2016-ko irailak 11

Euskal Herriaren etorkizunari buruzko herri galdeketen egutegiak beste hitzordu bat markatu du gorriz, eta kasu honetan Nafarroan izanen da, Bakaikun hain zuzen ere. Datozen asteetako lehentasuna galdeketako galdera herritarrek erabakitzea izanen da. Horretarako hainbat iniziatiba jarriko dituzte martxan. Hasteko, herritar bakoitzak gutun bat jasoko du inkesta batekin. Bertan, galdera batzuei erantzuteaz gain, galdera bera proposatu dezakete herritarrek. Inkesta bete eta herrian jarriko dituzten postontzietan utz daitezke.


Urriaren 1ean, larunbatarekin, Adosgunea ekimena antolatu dute galdera adosteko helburuarekin. Egun horretarako, herri galdeketa antolatzen dabilen talde eragileak inkestak aztertuak izango dira, erantzun horiek izango baitira ekimen honen oinarria edo abiapuntua. Adostasunera derrigortua dagoen bilkura honetara bertaratzen diren guztien artean hartuko dute azkeneko erabakia galderaren inguruan.

Galdera adosteak berebiziko garrantzia duela azpimarratu dute. Hori dela eta, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte inkestak bete eta Adosgunean parte hartzera.

“Herritar guztiak galderarekin gustura gelditzea oinarrizko eta ezinbestekotzat dugu, eta hori lortu ahal izateko parte hartze zabala behar beharrezkoa da”.

146 sinadurek galdeketa babestu dute

Guztira 146 bakaikuarren borondatea bildu dute. “Sinadura kopuruak badu garrantzia, baina are garrantzia gehiago ematen diogu lortutako aniztasunari, sentsibilitate ezberdineko hainbat herritarrek eman baitiote sostengua kontsultari”, adierazi dute antolatzaileek.

Gehiago