ETB3 Iruñerrian nahi dugu eta Euskal Herria hitza ez zentsuratzea

Irailean bukatuko omen da UPNk eta PPk eragindako ETBren itzalaldia.

AET Administrazioan Euskaraz Taldea

2016-ko uztailak 19

Nafarroako Gobernuak tokian tokiko LTDren kanalak banatzeko eskumena du.

Iruñerrian kanal bakarra dago libre. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak EITBren

emisioak Nafarroan ahalbidetzeko akordioa uztailaren 15ean sinatuta, Iruñerrirako kanala

ETB1 ikusteko erabiliko omen da.

Gure taldearen ustez, ez da erabaki egokia. Oraindik Iruñerriko etxe askotan ETB1

analogikoan ikusten da. Beraz, kanal hori ETB3rako erabiltzea egokiagoa dela uste dugu.

Iruñerriko haur euskaldunek aspalditik dute marrazki bizidunak euskaraz ikusteko beharra.

Beraz, egoera honetan irtenbide praktikoagoa dela uste dugu.

Bestaldetik, Euskaltzaindiak 2004ko uztailaren 23an erabaki zuena gogoratu nahi

dugu:

“Aspaldiko mendeetatik hedatua izan da Euskal Herria izena, kultura ezaugarri aski

jakinak dituen herrialdea adierazteko, politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun

historikoen gainetik erabilia. Izen hori euskara + herri hitzetatik sortua da, hots, ‘euskararen

herria’.

Gorago adierazi guztiaren argitan, Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen

osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna

berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi

berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork

eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik”.

Horrexegatik bi Gobernuen artean sinatutako Hitzarmenean hauxe agertzea ez dugu

ongi ikusten: “Nafarroako Foru Komunitatea Euskal Autonomia Erkidegotik eta haren lurralde

historikoetatik bereizitako errealitate gisa aurkeztu eta irudikatuko da ETBko profesionalek

idatzitako informazioetan eta horiek aurkezterakoan”.

Gure taldeak uste du puntu horrekin Euskal Herriaren izaera ezkutatu nahi dela eta

Euskaltzaindiak onartutako hitzaren zentzua zentsuratu nahi dela. UPNren izpiritua ezin

kendurik, beraz.

Iruñerrirako kanala ETB3rako erabiltzea eta Hitzarmeneko puntu hori ezabatzea dira

gure eskaerak Nafarroako Gobernuarentzat.

Gehiago