Jaiak eta plazak gureak dira!
“Tengamos la fiesta en paz!” entzun izan dugu hainbat eta hainbat aldiz. Festak gure errealitatetik ihes egiteko burbuilatzat saldu dizkiguten arren, festak ez dira jendartetik at dauden bake eta poz gune isolatuak. Festak politikoak dira, guztiontzat.
EHko Bilgune Feminista
2016-ko uztailak 5
Eduki sinbolikoa duten jendarte
eta kultur adierazpenak dira, errealitatearen adierazle kondentsatuak. Jaietan norbanakoa
kolektibora hurbiltzen duten prozesu subjektibo eta objektiboak ematen dira. Beraz, festak
bizitzaren erdigunean kokatzen ditugu, jendartearen balioak, nortasunak, ideologiak eta egiturak
birsortzen dituztelako. Jaiek jendartean dauden gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak
adierazten dituzte, hegemonikoak diren genero eredu eta heteroaraua indartuz.
Jaietan, “dena libre” denaren aitzakiapean, eraso sexisten ofentsiba nabaria da: begiradak,
irainak, gutxiespenak, bortxaketak, erailketak… Horregatik diogu hau ez dela gure bakea. Iazko
udan sozialki salatutako eraso mordoa gogoratu besterik ez dugu behar. Urte luzez mugimendu
feministak egin duen lanari esker lortzen ari da jendartea kontzientziatzea, protokoloak gero eta
auzo eta herri gehiagotan lantzea, arazo hau guztion ardura dela sentitzea. Hala ere,
emakumeak erasotzea oso gaizki ikusia dago eta guztiok indarkeria sexistaren kontra gaude
emakume horrek erantzuten ez duen bitartean. Emakumeok dagokigun biktima paper pasibotik
ateratzen garenean eta geure burua defendatzen dugunean egun oraindik ahobero, zoro,
histerikak edo feminaziak garela entzun behar izaten dugu. Erantzuten badugu, zalantzan
jartzen zaigu.
Emakume errebelde eta mugimendu feministarekiko deslegitimazio saiakera hoien gainetik, guk
autodefentsa feministan berresten gara. Defentsarako eskubidea, eskubide unibertsala delako.
Eta erasoen aurrean erantzun bat ematea zilegia delako. Gure gorputzak, autoestima eta
bizitzak dira jokoan daudenak. Gasteizen antolatutako manifestazio nazionalean esan genuen
moduan, feministok prest gaude! Urteak daramatzagu prestatzen, elkarrekin ahalduntze
prozesuak konpartitzen, gure arteko sareak indartzen, gure amorrua ateratzen eta antolatzen,
kaleak eta gauak okupatzen, inposatu diguten beldurra deseraikitzen… eta bide honetan
jarraituko dugu jaetan ere. Elkarrekin geldiezinak gara!
Erasoen kudeaketaz gain, ezinbestekoa deritzogu, jai ereduaren inguruko lanketa ikuspegi
feminista batetik egiteari. Erabili dezagun jaietako indar sortzailea eredu askatzaileak praktikara
eramateko eta nahi ditugun herri eta harreman ereduak eraikitzeko: publiko-pribatua, lan-aisialdi
edo borroka-plazera dikotomiak behingoagatik lehertzeko! Honela, gure jaietako antolaketa eta
garapena bera, prozesu kontziente bilakatu behar dugu zirrikitu guztietatik, eta ezarria den
ordena soziala eraldatzeko baliatu ditzagun: nola antolatzen den jai batzordea, egitaraua
osatzeko orduan jarraitzen ditugun irizpideak, komunikaizo ez sexistaren erabilera, zein
arduratzen den zaintza lanez, eta erasoei aurre egiteko aldez aurretik adosten ditugun
erantzunak edo protokoloak aztertzeari.
Norberak erabakiz, guztiok gozatuz, sortu ditzagun festak guztiontzako espazio seguru eta
gozamen iturri! Soilik gure jardunaren eta ekintzen jabe bagara eskaini ahal izango ditugu
guztiok gozatzeko moduko ikuskizun, kalejira, harreman, musika, otordu, txaranga, jolas zein
dantzak. Argi izan matxirulo, erasoen aurrean feministok prest gaude!
Jaiak eta plazak gureak dira!!!