Ezetza nagusitu da Baztanen Aroztegiaren inguruko kontsultan
1.707 lagunek parte hartu dute, erroldaren %28ak eta horietatik %82,8 proiektuari ezezkoa eman dio.
2016-ko ekainak 6
Baztanen Aroztegiari buruz egin den herri galdeketaren inguruan “balorazio positiboa” egin dute Aroztegia eta gero zer plataformako kideek. “Baztanek argi eta garbi erran dio ezetz Aroztegiako proiektu urbanistiko espekulatzaileari, ezetz erran dio inposizioari eta ezetz erran dio herri lurren ebaskoari. Ezetz erran dio landa eremua metropoli edo hiri handien zerbitzura jartzeari. Ezetz erran dio baztandarren artean pribilegioak sortzeari”.
1.707 lagunek parte hartu dute, erroldaren %28ak eta horietatik %82,8 proiektuari ezezkoa eman dio. “Geroa Baiko gobernuak ezin du baztandarron aldarrikapenari bizkarra ematen segitu”, uste du plataformak.
“Kultura demokratikoaren inguruan Baztan mailan egin den lehenbiziko herri galdeketa izanik, gabeziak ere sumatu ditugu prozesu honetan. Espero dugu etorkizunean herritar gehiagok sentitzea horrelako prozesuetan parte hartzearen beharra eta garrantzia”, azpimarratu dute antolatzaileek.
Aldi berean, salatu nahi izan dute herri galdeketaren parte hartzearen kontra egindako kanpaina. “Beldurra, mehatxuak eta galdeketaren zilegitasuna kolokan jarri nahi izan duten arren, zorionak parte hartu duzuen baztandar guztiei”.
“Aroztegiako UGPSaren tramitazioa iruzurra izan da. Izan ere, agerian gelditu da berriz ere, inposizioa eta iruzurraren bidetik eraman dela proiektu hau hasieratik bukaera arte. Beraz Geroa Baiko gobernuak ez ditu aitzakia gehiago erabiltzen ahal, eta bertan behera utzi behar du Aroztegia UGPSa”, uste du plataformak.