Hau ez da beste prentsaurreko bat…
Komunikazioan aritzen garen gazteak dira, gazte mugimenduaren baitan komunikatzaile lanaz arduratzen diren militanteak. Ez dira soilik ordenagailu aurrean edo kamera atzean aritzen, hori baino gehiago egiten dute. Euren lana ez da bi frikiren kontua, guztien ardura izan beharko lukela uste dute. Izan ere, komunikazioa da irabazteko duten tresna eraginkorrena.
2016-ko maiatzak 13
“Kezka sorrarazten digu komunikazioari herri eta gazte mugimenduan ematen zaion trataerak. Jakin badakigu komunikazioa dela jendartea mugiarazten duen motorra, alde batera edo bestera bira egiteaz konbentzitzen gaituen tresna. Hori horrela izanda ere, ez diogu behar beste denbora eta dedikazio eskaintzen. Ez ote gara ari jendarte eraldaketa bultzatzeko dugun tresna eraginkorrenari atera geniezaiokeen zukua komunetik behera botatzen?”. Hausnarketa honekin hasten da Topatu.eus-ko lagunek prestatu dituzten komunikazio jardunaldietarako gonbitea.
Gazte mugimenduak komunikazio eredu alternatibo eta eraginkorrak garatzeko egin beharreko bideez hausnartzen ari dira. Batzuk jakintza teknikoa dute, baina beste batzuk ez. Batzuek Kazetaritzan edo Ikus-entzunezko Komunikazioan egi(te)n dituzte ikasketak, baina beste hainbatek Ingenieritzan, Arte Ederretan, Zientzia Politikoetan, Filosofian, Gizarte Hezkuntzan, Arkitekturan eta ustez komunikazioarekin zerikusirik ez duten hainbat disziplinetan. Gazte langabeak ere badira, edota unibertsitatera joateri uko egin diotenak. Erakutsi nahi dute komunikazioa ez dela jakintza formal esparru konkretu bati lotutako ardura bat, guztiona dela, norbanako bakoitzaren jarreretan hasten baita. Beraz, militantzia komunikatiboa berpentsatu, birformulatu eta berreraikitzea da euren helburua.
Partida irabazi nahi diete Euskal Herriko gazteria inkonformista kriminalizatzen duten mass media eta gainontzeko bitarteko komunikatiboei. Era berean, kontziente dira helduen ikuspegitik eraikiak diren tresnek ez dutela haientzat erabat balio. “Ezinbesteko garrantzia du Euskal Herriko gazte mugimenduak bere jarduna ahots propioz kontatzeak, eta pausoak eman nahi ditugu hori lortzeko bidean. Guk geuk kontatu behar dugu nor garen, zer egiten dugun eta nola egiten dugun, gure beharrak erdigunean jarriz eta gu geu izanez gure bizitzetako protagonistak”.
“Baditugu tresnak bide hori egiteko, baina horien inguruan hausnartu behar dugu ikusteko ea gure helburuak betetzeko egokiak diren. Sumatzen dugu beharra dagoela gazte mugimendu osoak, borroka eremu anitzetan aritzen diren kolektibo eta norbanakoek, horren inguruan eztabaidatzeko”, diote Topatu.eus-ko lagunek.
Horretarako, ekainaren 4rako gazte mugimenduaren komunikazio topaketa antolatu dute. Donostian izango da, eta militantzia komunikatiboaz hausnartu eta tresnen inguruan eztabaidatuko da. Topaketa irekia izango da, eta gonbidatuta daude gazte kolektiboetan aritzen diren gazte guztiak, espreski komunikazioan aritzen direnak edo ez. Halere, dei berezia luzatzen diete komunikazio proiektuetan edo kolektiboetako komunikazio jardunean aritzen direnei: fanzineetan, irrati libreetan, multimedia komunikazioan, sare sozialetan etab.