Behar gaituzu? Behar zaitugu!
AHOTSA behar baduzu, AHOTSAk ere behar zaitu. Hedabide librea gara, baina independentziak bere prezioa du: geure buruaren jabe izan behar dugu. Horregatik, proiektu honen akzioduna izatea proposatzen dizuegu. Urtean 60 euro dira.
2016-ko martxoak 20
Ez dugunez inoren menpe egon nahi, zuen guztion menpe gaude. Mugimendu sozialen eta gure komunitatearen esanetara gaude, eta gure proposamena hedabidea denon artean eraikitzea da.
Anima zaitez! Bidali zure datuak hona: ahotsasarea@gmail.com Izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta kontu zenbakia (24 zenbaki, IBAN barne). Eta ez ahaztu jartzea zenbat akzio nahi duzun (akzio bakoitzak 60 euro urtean).
AHOTSAk bi urte
Pozik gaude bi urte hauetan egindako lanarekin, eta, gure ustez, herri mugimenduarentzat baliagarria den tresna bat eraikitzen ari gara. Gero eta talde sendoagoa gara, eta proiektu asko ditugu etorkizunari begira.
Proiektu honen punturik ahulena finantzabidea da. Sortu genuenetik saiatu gara hainbat bide erabiltzen dirua lortzeko, baina AHOTSAk oso baldintza prekarioetan darrai, diruz oso eskas, eta hori benetako mehatxua eta zama da gure lana egiteko orduan.
Beste alde batetik ikusita, ordea, urtean 30.000 euroko kapitala aski izanen litzateke AHOTSAren bideragarritasuna ziurtatzeko eta oso tresna indartsua eraikitzeko. Hortaz, kapital hori akziotan banatzea pentsatu dugu, urtean 60 euro eginen duten 500 akziotan, herri mugimendua bera eta webgunearen erabiltzaileak beraiek izan daitezen proiektuari sostengu ekonomikoa emanen diotenak.
Diru horrekin bi pertsona aritu daitezke profesional gisa AHOTSAn, eta tresnerian inbertitzeko diru puska bat ere edukiko genuke.