Behatokia: “Euskarazko haur eskolak irekitzea: berri ona baina ez nahikoa”

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatik berri ontzat jo du euskarazko haur eskolen kopurua bikoiztu izana, baina Nafarroako Gobernuari aldaketak eskatu dizkio Info7 irratiko Gureaz Blai saioan.

2016-ko otsailak 23

Petriatik adierazi du duela 30 urte ireki zituela lehen haur eskolak Iruñeko Udalak; bi baino ez ziren euskaraz, eta urte hauetan, haur eskola gehiago ireki badituzte ere, euskarazko eskaintza ez da handitu. Petriatik salatu duenez, Iruñeko Udalak izan duen politika “ukatzailearen” ondorioz, ehunka familiak euren seme-alabak gaztelaniazko eskoletara eraman behar izan dituzte edo egunero hiria mutur batetik bestera gurutzatu euskarazko eskola batera eraman ahal izateko: “Gertutasunaren gainetik, hizkuntza lehenetsi eta euskaraz hazteko erabakia hartu dute hainbat eta hainbat familiak; ondorioz, bazterrean bizitzera kondenatu dituzte familia asko”.

Behatokiko zuzendariak berri ontzat jo du Iruñeko Udalak 2016-2017ko ikasturterako euskarazko eskaintza handitu izana, eta azaldu du urtetan aukera horren alde lanean aritu diren familien ahaleginaren emaitza dela: “Urteetako bidegabekeria bukatzeko lehen aldaketa da”. Dena den, “berdintasunean eta orekan bizitzeko” urrats gehiago eskatu ditu, “oraindik ere hainbat umek euskarazko plazarik gabe segitzen baitute”.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuari eskatu dio erabakiak justizia lortze bidean har ditzala: “Nafarroan euskaldunak zokoratuta bizitzera zigortu dituzte urtetan, baina horrek ez du esan nahi hori denik euren tokia: pertsonen eskubideak ez baitira kopuruen parametroetan neurtzen, unibertsalak dira”.

Gehiago