#EuskaraCercaHurbil

Dakizunez, ikasturte honetan eta 30 urte eta gero, Iruñeko haur eskoletan euskaraz ikasteko aukera 2 auzo berritara zabalduko da. Orain arte Txantrean eta iaztik Arrotxapean egon diren haur eskolei, Donibane eta Arrosadiako Printzearen Harresi gehituko zaizkie.

Maite Inda

2016-ko otsailak 23

Berri ona, zalantzarik gabe, herritar gehiagori emanen baitzaio aukera haien txikiak elebidunak izan daitezen oinarri on bat eskuratzeko. Izan ere, azpimarratzekoa da euskarazko murgiltze ereduan haurra eskolatzea elebitasun osoa eskuratzeko biderik eraginkorrena dela eta hirugarren hizkuntzaren ikaskuntzarako erraztasunak eskuratzen direla horrela. 30 urtetik gorako esperientziak eta nazioartean frogatutako emaitzek murgiltze eredua bermatzen dute.

Urte luzez, ordea, herritarrei ukatu egin zaie gehiago ikasteko aukera hau. Zentzugabea eta barkaezina da bertakoa den hizkuntza herritarrei ukatzea, areago lanerako, harremanetarako eta kulturarako ateak irekitzen dituenean. Horrexegatik 2 haur eskola eta auzo berritan euskaraz hezteko aukera eskaintzea berri pozgarria da.

Honen harira komunikazio kanpaina prestatu dugu Iruñeko Euskalgintzakook. Bertan, bi iruindar A edo B artean hautatzeko egoeren aurrean jartzen ditugu. Aukera zailak, A eta B ezin baitute hautatu. Bata edo bestea behar du izan ezin bestean. Oso egoera iruindarrak dira pantailaratu ditugunak eta oso modu komikoan agertu nahi izan ditugu, ridikulua izan baita orain arte gurasoei eginarazi zaien hautua: euskaraz EDO hurbil. Bada, pozez, honakoa esan nahi diegu gurasoei: aizue, Iruñean, erabaki garrantzitsu honetan dagoeneko ez duzu hautatu beharrik. Euskaraz ETA hurbil posible da: Txantreako Izartegin, Arrotxapeako Goiz Ederren, Donibanen eta Arrosadiako Printzearen Harresin.

Gehiago