Aroztegia eta gero zer? Plataformak Nafarroako Parlamenturaino eraman du erreferendum eskaria
Palacio de Arozteguia S.L enpresa sustatzaileak Parlamentuan lan saioa egin du martxoaren 2an, Aroztegiko proiektua azaltzeko parlamentariei. Aroztegia...eta gero zer? Plataformak, bere aldetik, elkarretaratzea egin du UGPSa gelditzeko eta Herri Galdeketa eskatzeko. Elkarretaratuetako batzuk mafiosoz jantziak ageru dira eta ‘El padrino’ filmako musika jarri dute.
2016-ko martxoak 4
Parlamentuaren kanpoaldean proiektuaren aurkariek protesta egiten zuten bitartean, barruan –Ekonomia Garapen Batzordean, zehazki– Baztango Aroztegiaz eztabaidatu dute talde politikoek, egitasmoa aurrera atera nahi duen enpresaren agerraldiaren karietara.
Jadanik ezagunak diren iritziak plazaratu dira; batzuk proiektuaren alde, Baztani ekar diezaiokeen garapen ekonomikoa dela-eta; beste batzuk etxebizitzak eraikitzeari dagokion proiektuko zatiaren aurka. Bai horiek bai “ez alde ez kontra” agertu den Podemosek herri galdeketa eskatu dute, Aroztegiaren inguruan sortutako gatazkari aterabidea emateko.
Salvador Urbistondok eman ditu proiektuari buruzko azalpenak Palacio de Arozteguia S.L.ren izenean. Haren esanetan, Lekarozko Aroztegia jauregi zaharrean egin nahi duten 135 gelako hotela da proiektu osoaren ardatza; “jauregia berreskuratuko litzateke, modu horretan”.
“Baztanentzat bultzada ekonomikoa”
Urbistondoren ondotik talde politikoek hartu dute hitza. Egitasmoaren alde azaldu dira UPN, PP, Geroa Bai eta PSN; denek azpimarratu dute Aroztegiak bultzada ekonomikoa emango liokeela eskualdeari, lanpostuak sortuz, bisitariak erakarriz… Proiektua haraneko bertako enpresa baten eskutik heldu dela nabarmendu dute, gainera. Hala esan du, konparazio baterako, UPNren izenean mintzatu den Carlos Garciak; ingurumenari inolako kalterik egingo ez litzaiokeela gaineratu du.
PPko Ana Maria Beltránek hautsak harrotu ditu, “ergel” deitu baitie proiektuaren aurka daudenei. Herri galdeketa egitearen guztiz kontra agertu da Beltrán; bide hori defendatzen dutenei leporatu die beste erabaki batzuk kontsultarik gabe hartu direla, hala nola euskarazko hainbat haurtzaindegi zabaltzea Iruñean, edo Nafarroako Ubidearen proiektua gelditzea.
Izquierda-Ezkerrak eta EH Bilduk adierazi dute ez daudela proiektuaren aurka bere horretan, baina bai alderdi batzuetan. I-Eko Jose Miguel Nuinentzat Aroztegiaren dimentsioa da arazoa, batez ere etxebizitzei dagokienez. Gainera, orain arteko prozedura gogor kritikatu du, EH Bilduk eta Podemosek bezala. Zehazki, udal autonomiari eraso egin zaiola nabarmendu dute hiru taldeek, proiektua aurrera atera nahian udalez gaindiko izaera eman baitzitzaion, Baztango Udalean haren aurkakoak zirenean nagusi.
Araiz: “Turismoaren zelofanaz edertutako pelotazo urbanistikoa”
EH Bilduren izenean jardun duen Adolfo Araizek esan du ados daudela turismoa sustatzeari dagokion Aroztegiaren zatiarekin, baina salatu du argudio hori proiektu espekulatibo –pelotazo hitza erabili du– bat edertzeko zelofan modura baliatzen ari dela. “Aurreikusitako etxe guztiak salduz gero 75 milioi euro jasoko dituzue”, esan du Araizek, eta gogorarazi du garai batean Baztango Udalak enpresari eskaini ziola proiektuaren alderdi biak bereizita tramitatzea –“onartuko bazenute, turismoari dagokionaren alde egongo ginateke”–, baina hark uko egin ziola aukera horri.
Bai I-E bai EH Bildu, proiektuaz iritzi argirik azaldu ez duen Podemosekin batera, Aroztegia eta gero zer? plataformak eskatzen duen herri galdeketaren alde agertu dira. “Baztandarrei erabakimena itzultzeko modu egokia litzateke, bertako Udalari gaiarekiko autonomia kendu eta gero”, adierazi du I-Eko Jose Miguel Nuinek.