Otsailaren 13a torturaren kontrako eguna Euskal Herrian
«Nik ez dut sinesten». Horixe da antza denez gaurko kriminologiako ikasleek oro har pentsatzen dutena torturaz hitz egiten denean. Arduratzekoa da, bai, baina ez da harritzekoa 20 urteko gazteek hori esaten entzutea. Zer informazio dute ba gazte hauek torturaren existentziaren inguruan? Ezer ere ez.
Lorea Bilbao - Torturaren Aurkako Taldeko, kide eta abokatua
2016-ko otsailak 8
Eusko Jaurlaritzak aditu talde bati 50 urtetan torturak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen eragina aztertzeko enkargua egin dio eta jakin badakigu hortik datu beldurgarriak aterako dituztela 1960. urtetik 2010era bitartean gertatu dena argitaratzen dutenean. Baina hor dago koxka. Oraindik argitaratu ez diren datuak dira. Instituzioek oraindik ez dute publikoki eta ozen esan Euskal Herrian gatazka politikoaren ondorioz Estatuko botereek tortura helburu politikoekin eta sistematikoki erabili dutela.
Egun gutxi barru 35 urte beteko dira Joxe Arregi Madrilgo Dirección General de Seguridad delakoan bederatzi egunez inkomunikatuta pasa ostean torturaz erail zutela. Horren froga duela urte gutxi agertu ziren argazkiak dira, 28 urtez isilpean gordeta egon ziren argazki ikaragarriak. Isilpean gordeta. Isiltasuna izan da tortura kasu bakoitzaren atzean egon dena, eta, horregatik, agian gaurko belaunaldi gazteek ez dute horren berririk izan.
Zaila da Estatuak ezarritako makinaria osoari aurre egin eta tortura salatzeko lanean aritzea, batez ere alde batetik komunikabideak eta bestetik epaitegiak oztopoak besterik jartzen ez dituztenean. Baina herri honetako benetako potentziala gizartean dago, eta gizarteari dei egin behar zaio Torturaren isiltasunarekin bukatzeko ahalegina egin dezan. Hainbeste urtetan eta hamarkadetan gure herriaren zati handi baten errealitatearen parte izan da tortura eta oraindik bere ondorio basatiak pairatzen ari gara. Tortura sufritu izan duenak bere bizitza osoan berarekin eramango du, bere izaeran txertatuko da eta horrekin bizitzen ikasi beharko du. Baina horren existentzia ukatzean zauria ezin sendatu geratzen da eta hori luzera begira gaitz handia bilakatu daiteke bai norbanako horrentzat, bai bere inguruarentzat eta finean, gizarte osoarentzat.
Otsailaren 13 batean hil zuten Joxe Arregi, eta urteetan zehar egun hori baliatu dugu Euskal Herrian tortura salatzeko. Langileok maiatzaren lehena, edo emakumeok azaroaren 25a dugun bezala, torturatuek ere egun propio bat behar dute Torturari Ez! guztiok batera eta ozen esateko. Batzuek pentsatuko dute gaur egun ez duela zentzurik egun horretan tortura salatzen jarraitzeko, torturarekin bukatu dela pentsatuko dute akaso. Nahiko genuke, bai! Baina tamalez torturaren kontrako borrokan lan handia dugu egiteko, eta lehenengoa eta garrantzitsuenetakoa da ahanzturan erortzen ez uztea, milaka euskal herritarrek pairatu duten basakeria hau herritar guztion kontzientzia kolektiboan txertatu dadila, eta horrela datozen belaunaldi berriek ez dezaten pentsatu haien herrian horrelakorik gertatu ez denik.
Hasi berri dugun 2016 honetan torturaren gaia mahai gainean izango dugula aurreikus dezakegu. Paco Etxeberria auzi medikuak bere lantaldearekin batera Istanbulgo Protokoloan oinarritutako EAEko ikerketaren emaitzak azaltzea aurreikusia du. Apirilean Entzutegi Nazionalak 2011n Guardia Zibilak torturatutako 5 iruindar epaituko ditu eta horren harira Aztnugal kanpaina abiarazi dute. Kanpaina horren baitan otsailean zehar ekimen kultural ugari proposatu dituzte, eta otsailaren 13an bertan torturari buruzko konferentzia bat eta kontzertu bat antolatu dituzte Iruñean bertan. Maiatzean, 2010ean Guardia Zibilak torturatutako zortzi euskal militante epaituko ditu Entzutegi Nazionalak. Bi epaiketa hauetan torturak paper garrantzitsua izan du, eta testuinguru horretan bere erabilpena salatzea ezinbestekoa dugu. Aurten ere beste epaiketa bat izango dugu, baina kasu honetan lau guardia zibil eseriko dira akusatuen eserlekuan, hain justu 2010eko sarekada hartako emakume bat torturatzea egotzita. Egundoko lorpena!
Beraz, otsailaren 13ari garrantzi berezia eman behar zaiola uste dugu. Datozen erronka horiei guztiei nola aurre egingo diegun birpentsatzen jarri beharko gara. Herri honetan torturak izan duen benetako dimentsioa ezagutu nahi badugu guztiok lanean jarri beharko gara, herriz herri torturaren memoriaren mapa sortuz eta gizarteratuz. Datu kuantitatiboez gain, torturak gure gizartean izan duen inpaktoa aztertu beharko genuke eta zeintzuk diren luzera begira indibidualki zein kolektiboki izango dituen ondorioak. Oso kontuan izan beharko genituzke baita torturapean lortutako inkulpazioei esker espetxeratuak izan diren ehunka euskal herritarrak ere, horietako askok oraindik luzerako espetxeratuak jarraitzen dutenak, edo inkulpazio horien ondorioz edo torturaren mamuaren eraginez erbestera alde egin duten euskal herritar guztiak. Hori guztia salatzea eta benetako aitortza aldarrikatzea dagokigu 2016ko otsailaren 13 honetan. Iniziatiba hartu, isiltasunarekin bukatu eta kontzientzia kolektiboak astintzeko garaia da. Abian jar gaitezen!