7 tortura kasu berriz ikertzeko eskatu dute, Estrasburgok Espainia salaketa hauek ez ikertzeagatik zigortu eta gero

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako agindua bete dezatela eta euren kasuak berriz ireki ditzatela eskatu dute auzitegietan hainbat torturatuek Giza Eskubideen Behatokiaren laguntzarekin. Justizia sistemak erantzukizun hori bere gain hartu ezean, Nazio Batuen Erakundera joko dute.

2026-ko apirilak 23

Estrasburgoko Auzitegiak Espainia tortura kasuak ez ikertzeagatik hamar aldiz zigortu eta gero, Euskal Herriko 7 lagunek erabaki dute Espainiako auzitegiei eskatzea tortura salaketak iker ditzaten. Horien artean Oihan Ataun, Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Iñigo Gozalez nafarrak daude. Horiez gain, Mikel San Argimiro, Martxelo Otamendi eta Beatriz Etxebarria daude.

Espainiako epaileek torturaren aurrean beste aldera begiratzea leporatu diete gaur Iruñean bildutakoak. Iratxe Urizar GEBehatokiaren kideak azaldu duenez, hamarkadetan patroi bat existitu da. “Eredu onartezina da. Tortura praktikatzeagatik Espainiari egindako salaketak, tortura posible egiten duen inkomunikazio erregimenetik, torturaren erabileratik, salaketak ematen direnean ikerketarik ez egotetik. Ez da aitortzen, ez da konpontzen, eta ez da neurririk hartzen ez errepikatzeko”.

Azken urtetan torturaren aurkako borrokan arlo judizialean, sozialean eta politikoan emandako urratsak ikusirik, erabaki dute beste urrats bat ematea salaketa hauekin. “Estrasburgok ere salatzen du Espainiak tortura ikertu gabe jarraitzen duela. Hori izaten ari da, beste esparru batzuetan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera, patroi etengabea, mugiezina baina, zalantzarik gabe, onartezina: torturaren gaia ez da ukitzen. Dozenaka urtetan jardun da praktika hori egiten, milaka torturatuk ikusten dute beren salaketak ez direla inora iristen, ez direla ikerketak aurrera eramaten, baizik eta erasotzaileek erabateko zigorgabetasuna dutela, promozioa eta dominak ez direnean”, salatu du Urizarrek.

Torturatuek erakutsi duten ausardiak goraipatu du abokatuak, eta aurreratu du GEBehatokiak “sortu zeneko konpromisoari eusten” diola, eta Estatuko biktimentzako fiskaltza sozial hori eratzen jarraituko dutela. “Eta, beldur garen bezala, Espainiako justiziak zigorgabetasunaren harresi zeharka ezina aplikatuko badu, GEBehatokitik Nazio Batuetaraino eramango dugu kasua. Aitortzatik hasita, erreparaziotik eta zigorgabetasuna saihesteko neurriak hartzeko exijentziatik igarota, justizia bilatzeko aldez aurreko urrats gisa”.

Gehiago