Bilbon izandako azken hilketa matxista salatu dute Iruñean eta emakumeak babesteko eskaera egin du mugimendu feministak
Atzo Bilbon gizon batek erasotu zuen emakumea hil da ospitalean. 34 urteko emakumeak bi seme-alabak zituen, eta hauek ere erasoaren lekuko izan ziren. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta jendetzi bildu da Iruñean hilketa salatzeko.
2026-ko azaroak 27
Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik “haserrez, amorruz eta minez” kaleak hartzeko deia egin du Bilbon gertatutako azken erailketa matxista salatzeko. 34 urteko emakume bat erail du haren bikotekide ohiak, labanaz eraso egin ondoren. Erasoa emakumearen bi seme-alaben aurrean gertatu da. “Gertakari honek indarkeria matxistak emakumeon* bizitzetan eta ingurukoengan dituen ondorio lazgarriak erakusten dizkigu, baita haurrak indarkeria horren lekuko izateak dakarren sufrimendua eta indarkeria ere”, salatu dute.
Elkartasun eta babes osoa helarazi nahi izan diete eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei, bereziki haren seme-alabei. “Erailketa hau ez da gertakari isolatu bat, indarkeria matxistak eragindako gertakari lazgarri bat gehiago baizik. Are, haurren aurrean egindako eraso honek erakusten du indarkeria matxistak zenbateraino zeharkatzen dituen emakumeon* bizitzak eta gure ingurukoenak”.
Erailketa hau azaroaren 25a eta bi egun pasata gertatu da, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta bi egun igarota, alegia. “Horrek agerian uzten du indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapenak eta gaitzespen-adierazpenak ez direla nahikoak: emakumeon* bizitzak arriskuan jartzen dituen egiturazko indarkeria honi aurre egiteko benetako neurriak behar dira”, azpimarratu dute.
Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak ohar honetan aipatu du indarkeria matxistak “aurpegi eta ondorio ugari” dituela “Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak emakumeon* gorputzak, erabakiak eta bizitzak kontrolatzen jarraitzen du. Hilketa matxistak indarkeria horren adierazpenik muturrekoena dira, baina egunerokoan ere, hainbat modutan agertzen da”.
Erakundeei eskatu diete prebentzioa lantzea eta emakumeei arreta eta babesa ematea. “Erakunde publikoek ardura dute indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta babes eraginkorra bermatzeko. Horrek detekzio- eta babes-sistemak indartzea, baliabide nahikoak eskaintzea eta emakumeen zein haien seme-alaben segurtasuna bermatzea eskatzen du. Gaur salatzen ari garen erailketa honekin, argi geratu da babes neurriak sarri ez direla nahikoa izaten”. Izan ere, eraildako emakumea ertzaintzaren babespean zegoen. “Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: beharrezkoak dira baliabideak, jarraipena eta benetako konpromiso politikoa, emakumeen* bizitzak babesteko”.
Gizonei interpelazio zuzena egin diete euren erantzukizunak hartzeko. “Indarkeria matxista ez da emakumeon* arazoa; egiturazko arazoa da, eta gizarte osoari dagokio horri aurre egitea. Gizonek ezin duzue beste alde batera begiratzen jarraitu. Apurtu itun patriarkalak, zalantzan jarri zuen pribilegioak eta deseraiki emakumeon* bizitzak kontrolatzen dituzten indarkeria-mekanismoak”.
Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, erailketa matxisten aurkako protokoloa aktibatu du “gertakari honen aurrean erantzun kolektiboa antolatzeko”. “Ez gara biktimak, subjektu politikoak gara. Autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikitzea, elkar zaintzea eta erantzun kolektiboak antolatzea ere bada. Emakumeon* eta sexu-genero disidenteon bizitzak eta ongizatea erdigunean jarriko dituen gizartea eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei aurre egiteko gai izango dena. Horregatik, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, emakumeon* eta sexu-genero disidenteon askatasuna eta bizitza duina defendatzeko”.
