AHT Gelditu! Nafarroak hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politiko guztiei AHTren lanak bertan behera uztearen alde lan egin dezaten eskatzen die

AHT Gelditu! Nafarroa

2026-ko azaroak 24

AHT Gelditu! Nafarroak, argitara ematen duen gutun honen bidez, hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politiko guztiei kontu hauetaz gogoeta egitera gonbidatzen ditu:

  • AHTa, krisi eko-sozial globalaren garaian lurraldea atzera bueltarik gabe txikitzen duen makro azpiegitura bat da. Trazaduraren edozein tokitan obrak ikustera gonbidatuta daude. Testuinguru honetan, lurraren defentsa gizateriaren etorkizuna ziurtatzeko berme bakarra da.
  • AHTa baliabide publikoen xahuketa onartezina da, bai eraikuntzan, bai mantentzean. Baliabide horiek inbertitu beharko lirateke herritar guztiei etxebizitza duin bat eskuratzen laguntzeko, osasun eta hezkuntza publikoan, pentsioak eta gutxieneko soldata igotzeko, oinarrizko elikagaien prezioa jaisteko eta gaur egun hain kezkagarriak diren gizarte-bazterketako egoerak -Nafarroako biztanleriaren % 13 baino gehiagori eragiten dietenak- ezabatzeko.
  • Espainiako estatuan, AHTa hilgarritasun handiko makro azpiegitura jasanezina da. Munduko bi hildakotik bat Espainiako Erresuman erregistratu da. Eta segurtasunean eta mantentze-lanetan gehiago inbertitzen ez bada, hau hondamendi orokor baten hasiera baino ez da izango.
  • AHTk biztanleria Iruñean metatzen laguntzen du, landa-eremuko Nafarroa are gehiago despopulatuz. Tafalla, Castejon eta Altsasu distantzia luzeko zerbitzurik gabe geratuko dira eta gainerako geltokiak desagertuz joango dira azken urteetako joerari jarraituz.
  • AHTk pilotakada espekulatiboak bultzatzen ditu bere geltoki guztien inguruetan, Etxabakoitzen kasuak erakusten duen bezala, herritar askok etxebizitza-arazo larriak eta etxegabetzeek jarraitzen duten bitartean.
  • AHTk ez du inolako errentagarritasun ez ekonomikorik ezta sozialik ere. Eraikitze-gastuak ez dira inoiz berreskuratuko Espainiako estatuan, eta, gainera, Nafarroan ustiapen defizitarioa izanik, etengabeko finantzaketa publikoa beharrezkoa izanen litzateke.
  • AHTa tren elitista da eta herri langileak erabiltzen duen ohiko trena desegitea eragiten du.
  • AHTak energia-xahuketa jasanezina suposatzen du, energia-kontsumoaren murrizketak erabakigarria izan beharko lukeen une honetan.

Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Nafarroak hauteskunde orokorretara aurkezten diren alderdi politiko guztiei- batez ere Kongresuan eta Senatuan ordezkariren bat lortzen dutenei- zuzentzen zaie honako proposamen hauen alde lan egin dezaten eskatzeko:

  • Espainiako Erresuman amaitu gabe dauden AHTaren obra guzti-guztiak behin betiko gelditzea, tartean Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a, AIREFek duela urte gutxi aholkatu bezala. Horrek esan nahi du eten behar dela gaur egun eraikitzen ari diren proiektu guztien eta oraindik hasi ez direnen finantzaketa. Bestela, beren erabakiak ekar litzaketen ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozialen erantzule izanen lirateke.
  • Egungo trenbide-sarea hobetzea, bere finantziaketa AHTra desbideratzearen ondorioz azken urteotan bazterturiko langileak, instalazioak eta zerbitzuak berreskuratuz.
  • Salgaien eta bidaiarien trafikoa murriztea, tokiko ekonomia sustatuz, elikadura- zein energia-subiranotasun handiagoak ziurtatzeko.
  • Gaur egun beharrezko den garraio-ereduari buruzko eztabaida parte-hartzailea irekitzea, jendarte-ereduari buruzko testuinguru globalago baten eztabaidaren barruan.

Gehiago