“Herri askotan etxebizitza hutsak daude, baina bertan bizi nahi duten gazteek zailtasun handiak dituzte etxebizitza bat eskuratzeko”

Xabier Alcuaz

Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren elkarteko presidentea

2026-ko azaroak 10

Etxebizitzaren krisiaz asko hitz egiten da, eta burura etortzen zaiguna da hiri edo herri handietan dagoen arazoa, baina badakigu landa eremuan ere antzeko arazoa dagoela. Nola deskribatuko zenuke egoera?

Etxebizitza eskuratzeko zailtasuna orokorra da Nafarroan, baina arazoak aurpegi desberdinak ditu zonaldearen arabera. Hiriguneetan, esaterako, espekulazioaren presioa handiagoa da, baita funts putreen presentzia ere. Landa-eremuan, berriz, etxebizitza hutsen kopurua, eraikin zaharren egoera eta birgaitzeko zailtasunak nabarmenagoak dira. Hau da, arazo bera dugu, baina errealitate eta behar desberdinekin. Horregatik, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko neurri ugari behar ditugu, elkarren osagarriak, denboran iraunkorrak eta tokian tokiko errealitatera egokituak. Eta, jakina, administrazio-maila desberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da.

Izan ere, etxebizitzaren arazoa ezin dugu hiri eta herri handietara mugatu. Nafarroako toki-erakundeen % 70 inguruk 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte, eta horietan ere etxebizitza eskuratzeko zailtasunak nabarmenak dira.

Horregatik, Federaziotik landa-eremurako neurri espezifikoak eskatu ditugu. Arazoa Nafarroa osoan dago, baina irtenbideek lurralde bakoitzaren errealitateari erantzun behar diote. Ezin dugu formula bakarra erabili egoera desberdinei aurre egiteko.

“Arazoa Nafarroa osoan dago, baina irtenbideek lurralde bakoitzaren errealitateari erantzun behar diote”

Nafarroan, herri txiki asko, etxe oso handiekin, eta jende gutxi… Nola eman buelta honi?

Nafarroako errealitateak askotarikoak dira, eta etxebizitzaren arazoak ere aurpegi desberdinak dituenez, erantzunak ezin dira berdinak izan lurralde osoan. Landa-eremuan ere beharrezkoa da etxebizitzaren prezioak eta espekulazioa kontrolatzea, baina badira landa-eremuari berariaz eragiten dioten beste arazo batzuk ere.

Esaterako, duela gutxi Nafarroako Gobernuak onartutako Bizigarritasunari buruzko Foru Dekretuarekin aukera paregabea izan genuen herrietako etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko dauden oztopoetako batzuk gainditzeko, baina, zoritxarrez, ez genuen lortu.

Horregatik, tokian tokiko beharretara egokitutako neurriak hartzea ezinbestekoa da. «Café para todos» delako formulak ez du balio. Nafarroa ez da lurralde homogeneoa, eta araudiak ere ezin du errealitate guztientzat erantzun bakarra eskaini. Malgutasun handiagoa behar dugu, herri bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuko dituzten irtenbideak garatzeko.

“Landa-eremuan ere beharrezkoa da etxebizitzaren prezioak eta espekulazioa kontrolatzea. Horregatik, tokian tokiko beharretara egokitutako neurriak hartzea ezinbestekoa da”

Despopulazioaz asko hitz egiten den honetan, argi dago etxebizitza dela jendea herrietara erakartzeko gako garrantzitsua. Horren inguruan planteamenduak egiten ari dira?

Bai, noski. Etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez badago, zaila da gure herrietan biztanleria mantentzea edo bizilagun berriak erakartzea. Eta gaur egun badugu paradoxa bat: herri askotan etxebizitza hutsak daude, baina, aldi berean, bertan bizi nahi duten pertsonek, bereziki gazteek, zailtasun handiak dituzte etxebizitza bat eskuratzeko.

Hain zuzen ere, 2025aren hasieran, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziotik despopulazioaren inguruko parte-hartze prozesu bat bultzatu genuen, eta bertan jasotako ekarpenetatik abiatuta, hainbat neurri proposatu genizkion Nafarroako Gobernuari.

Besteak beste, bizigarritasunaren eta hirigintzaren inguruko araudia landa-eremuaren ezaugarrietara egokitzea, etxebizitza hutsak merkaturatzeko eta alokairua sustatzeko pizgarriak ezartzea, etxebizitza zaharrak birgaitzeko laguntzak handitzea eta eraikin handiak hainbat etxebizitzatan banatzeko aukerak erraztea proposatu genuen. Era berean, gazteek etxebizitza eskuratzeko laguntzak hobetzea, hirigintza-izapideak arintzea eta beharrezkoa den herrietan etxebizitza publikoaren sustapena indartzea eskatu genuen.

Izan ere, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko ez dago formula magikorik, eta are gutxiago Nafarroa bezalako lurralde anitz batean. Neurri desberdinak behar ditugu, elkarren osagarriak eta denboran iraunkorrak, baina batez ere tokian tokiko errealitatera egokituak.

Azken batean, ezin dugu despopulazioaren aurka borrokatu herrietan bizi nahi dutenei bertan bizitzeko aukerarik eskaintzen ez badiegu. Eta horretarako, ezinbestekoa da toki-erakundeen ezagutza eta esperientzia kontuan hartzea.

“Ezin dugu despopulazioaren aurka borrokatu herrietan bizi nahi dutenei bertan bizitzeko aukerarik eskaintzen ez badiegu. Ezinbestekoa da toki-erakundeen ezagutza eta esperientzia kontuan hartzea”

Nafarroan etxebizitzen oinarrizko bizigarritasun baldintzak arautzen dituen Foru Dekretuaren proiektuari hainbat kritika egin zaizkio toki-erakundeetatik, testuak ez duelako jasotzen etxeak birgaitzeko malgutasun nahikorik. Arazo handia da hau, ezta? Etxe asko daude hutsik handiegiak direlako edota birgaitzeko ahalmen ekonomikorik ez dagoelako…

Hala da, bai. Nafarroako landa-eremuak berezko ezaugarriak eta beharrak ditu, eta etxebizitzaren arloko araudiak errealitate hori kontuan hartu behar du. Ezin ditugu irizpide berberak modu zurrunean aplikatu hiriguneetan edo landa eremuan.

Hain zuzen ere, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziotik landa-eremuko errealitatea kontuan hartuko zuen eranskin berezi bat egitea eskatu genion Gobernuari, baina ez zuen gure proposamena onartu. Era berean, araudian malgutasun handiagoa eta udalei erabakitzeko eskumen gehiago ematea proposatu genuen, baina horri ere ezezkoa eman zion. Horiek izan ziren, besteak beste, testuaren aurka bozkatzeko arrazoiak.

Argi dago bizigarritasun-baldintza egokiak bermatu behar direla, baina horrek ez luke oztopo izan behar gaur egun hutsik dauden etxebizitzak berreskuratzeko edo eraikin handiak etxebizitza gehiagotan banatzeko.

Landa-eremuan etxebizitzaren arazoari erantzuteko, irtenbide berriak eta malguagoak behar ditugu, betiere segurtasuna eta bizigarritasuna bermatuz. Eta, horretarako, ezinbestekoa da udalen iritzia eta herrietan bizi direnen ahotsa entzutea.

“Argi dago bizigarritasun-baldintza egokiak bermatu behar direla, baina horrek ez luke oztopo izan behar gaur egun hutsik dauden etxebizitzak berreskuratzeko edo eraikin handiak etxebizitza gehiagotan banatzeko”

Herriei bizitza eta mugimendua emateko turismoa askotan erabiltzen da, baina turismoa bera arriskutsua izan daiteke eta etxebizitzaren krisia areagotu dezake, hori ikusten dugu oso turistikoak diren herrietan. Zer egin daiteke turismo jasangarri bat eta etxebizitzaren eskubidea batera garatzeko?

Turismoa sektore estrategikoa da Nafarroako ekonomia zein tokiko merkataritza sustatzeko, baina bere garapenak herrien eta bertako biztanleen zerbitzura egon behar du. Gehiegizko turifikatzeak eta kontrol gabeko hazkundeak kontrako ondorioak ekar ditzakete, hala nola etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, biztanleak kanporatzea eta despopulazioa handitzea.

Horren aurrean, turismo-eredu jasangarri, desestazionalizatu eta deszentralizatu bat defendatzen da. Eredu honek urte osoan zehar eta lurralde osoan banatuta egon behar du, betiere bertako kultura, euskara, ingurumena eta bizimodua errespetatuz. Gainera, garapen hau ezin da herrietatik kanpo erabaki: tokiko erakunde, eragile eta herritarren parte-hartze zuzenarekin eraiki behar da, arrakasta ez baita bisitari kopuruagatik bakarrik neurtzen, herritarren bizi-kalitatearen arabera baizik.

Eta, jakina, horrek etxebizitza-politikekin lotura zuzena du. Etxebizitza ezin dugu turismoaren eta espekulazioaren menpe utzi. Horregatik, beharrezkoa da erabilera turistikoko etxebizitzak arautzea, behar diren mugak ezartzea eta tasa turistikoa bezalako tresnak martxan jartzea, turismoak sortzen dituen kostuei aurre egiteko eta herrietako zerbitzu publikoak indartzeko.

Baina erregulazioarekin bakarrik ez da nahikoa. Etxebizitzaren krisiak arazo estrukturalak ditu, eta horiei ere erantzun behar diegu, politika publiko ausartagoen bidez. Etxebizitza publiko eta eskuragarrien eskaintza handitu behar dugu, bereziki alokairuan, eta gure herrietan bizitzeko aukera errealak bermatu behar ditugu. Herriak bizirik mantentzeko, ezinbestekoa baita herritarrek bertan bizitzeko aukera izatea.

Azken batean, ez dugu turismoaren garapenaren eta herritarren eskubideen artean aukeratu behar. Biak bateragarri egiteko politika publikoak behar ditugu. Turismoak gure herriak biziberritzeko balio behar du, ez bertako biztanleak ordezkatzeko. Horixe da defendatzen dugun eredua, garapen ekonomikoa, lurralde-kohesioa eta herritarren ongizatea uztartuko dituena.

“Etxebizitza ezin dugu turismoaren eta espekulazioaren menpe utzi. Horregatik, beharrezkoa da erabilera turistikoko etxebizitzak arautzea, behar diren mugak ezartzea eta tasa turistikoa bezalako tresnak martxan jartzea”

Bukatzeko, Nafarroako udalerrietan, indar politiko ezberdinen arteko harremana ikusita, ikusten duzu aukera erroko aldaketak aurrera eramateko behar den adostasunarekin?

Nafarroa anitza da, eta aniztasun hori gure herrialdearen aberastasunetako bat dela uste dut. Argi daukat aurrean ditugun erronka handiei erantzuteko, ezinbestekoa dela desberdinen arteko akordioak eraikitzea, betiere herritarren behar errealak eta lurraldearen ezaugarriak abiapuntu hartuta.

Eta horretan, udalek funtsezko zeregina dute. Herritarrengandik gertuen dauden erakundeak dira, tokian tokiko errealitatea hobekien ezagutzen dutenak. Horregatik, uste dut eraldaketa sozialak behetik gora eraiki behar ditugula, herritarren parte-hartzea sustatuz, tokiko eragileekin elkarlanean eta adostasun zabalak bilatuz.

Horrek ez du esan nahi desberdintasun politikoak alde batera utzi behar ditugunik, ezta gure printzipioei uko egin behar diegunik ere. Esan nahi du desberdintasun horien gainetik interes partekatuak identifikatzeko eta horien inguruan akordioak lortzeko gaitasuna izan behar dugula.

Azken batean, akordioak ez dira berez helburua, eraldaketa posible egiteko tresna baizik. Eta sinetsita nago Nafarroan badugula horretarako aukera, baita esperientzia eta gaitasuna ere. Aniztasunetik, elkarlanetik eta behetik gorako eraikuntza demokratikotik etorriko dira gure herriak behar dituen aldaketa sakonak.

“Aniztasunetik, elkarlanetik eta behetik gorako eraikuntza demokratikotik etorriko dira gure herriak behar dituen aldaketa sakonak”

Gehiago