“Eskuin muturrari ura kendu behar zaio, herritarren lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen egitasmo kolektiboa posible dela aldarrikatuz eta erakutsiz”

Igor Arroyo

LAB sindikatua

2026-ko azaroak 7

Azaroaren 11an Euskal Herria gelditzera deitu duzue LABetik, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzako greba dela azpimarratuz. Oraingo honetan, Estatu espainoleko sindikatuek Madrilgo maizterren sindikatuarekin adostutako data profitatu duzue. Nola iritsi zarete erabaki horretara? Zergatik aurreko deialdietan ez da data berdinean egin lanuztea eta oraingo honetan bai?

Euskal Herria klase borrokarako eta eraldaketa sozialerako espazio autonomoa dela defendatu du LABek bere hastapenetatik. Eta espazio hori defendatzeko beharrezkoa izan da, batzuetan, estatuan deitutako Greba Orokor baten aurrean, Hego Euskal Herrian deialdia egun desberdinean egitea. 2002an egin genuen, azken aldiz, hautu hori.

Ordutik hona, euskal sindikalismoak bere bidea egin du. 2008 eta 2013. urteen artean sei Greba Orokor egin genituen; eta azaroaren 11koa, 2020tik hona egingo dugun bosgarren Greba Orokorra da. Aldiz, estatu mailan ez da Greba Orokorrik deitu 2013tik; eta orain deitu baldin bada, ez da UGT eta CCOOen ekimenez izan, kaleak egindako presioaren ondorioz baizik. Gauzak horrela, ez dugu beharrik ikusi estatuko greba egunetik desberdintzeko, Hego Euskal Herriko borroka espazio propioa kontsolidatua dagoelako.

Bestalde, kontutan hartu beharra dago Greba Orokorraren eskenatokia ez dela sortu Hego Euskal Herrian egindako prozesu batetik, gertakari tragiko batek estatu mailan eragindako konmozio sozialaren ondorioz baizik. Laurogei urtetik gorako emakume baten etxegabetzeak olatu sozial bat eragin du, eskuin muturrari mesede egiten zion agenda soziopolitikoa bat-batean aldatuz. Eta eraldaketa sozialaren alde borroka egiten dugun eragileok olatu sozial hori bideratzeko ardura dugu; eskuin muturrari bidea itxi eta birbanaketa politiken alde presio egiteko baliatuz. Egun desberdin batean deialdia egiteak zaildu egingo luke helburu hori. Aukera hobea da greba egun berean deitzea eta mobilizazio propioak antolatzea, Euskal Herriko borroka prozesua elikatuz. Horrela adostu dugu zortzi sindikatuk: bost sindikatu laboral, bi etxebizitza sindikatu eta LAB, aldi berean sindikatu laborala eta etxebizitza sindikatua dena.

“Eraldaketa sozialaren alde borroka egiten dugun eragileok olatu sozial hori bideratzeko ardura dugu; eskuin muturrari bidea itxi eta birbanaketa politiken alde presio egiteko baliatuz”

Azken egunetan hainbat tokietan izan diren liskarrak eta istiluak prentsaren lehenengo albistea dira, eta etxebizitzarena bigarren maila batean geratzen ari dela ematen du. Ez da konspiranoia, baina argi dago batzuentzat oso ona litzatekela hauteskundeetan segurtasunaz hitz egitea eta ez etxebizitzaz, ezta?

Espainiako eskuina eta ultraeskuina aspalditik dabiltza Gobernua kosta ala kosta eskuratzeko saiakeran. Botere judiziala, espioitza edota berri faltsuak erabiltzen dituzte inongo erreparorik gabe. Ez litzateke harritzekoa izango deialdi anonimoen instrumentalizazio bat egitea, kaos sentsazioa eragin eta “ordena jartzeko beharra” agendaren erdigunean jartzeko. Eskuin muturraren probokazioen aurrean, modu herrikoi, baketsu eta masiboan erantzutea defendatzen dugu guk. Eta batez ere, eskuin muturra elikatzen duen egiturazko egoerari heltzea: politika neoliberalek eragin duten prekarizazio, frustrazio eta noraezari aurre egitea. Krisi sistemikoaren aurrean irtenbide kolektiboak badirela defendatzea eta frogatzea da erronka. Posible dela enplegu, pentsio, etxebizitza eta zerbitzu publiko duinak izatea. Euskal Herrian badugu aukera trantsizio birbanatzaile, feminista eta ekosozialista bat abian jartzeko. Eta ipar orratz horrekin antolatu behar ditugu langileak eta herritarrak.

“Krisi sistemikoaren aurrean irtenbide kolektiboak badirela defendatzea eta frogatzea da erronka. Posible dela enplegu, pentsio, etxebizitza eta zerbitzu publiko duinak izatea”

LABek jauzi kualitatibo bat eman du etxebizitzaren gaiari helduz, eta orain arte lortutakoaz oso balorazio positiboa egiten duzue. Zer nolako hausnarketa egiten du LABek ekintza sozial eremuan etxebizitzaren gaiari heltzeko?

2008aren krisiaren ostean, LABek gogoeta estrategiko bati ekin zion, “sindikalismoa birpentsatzen” lelopean. Krisi hark azkartu egin zituen lehendik zetozen joerak: prekarizazioa, atomizazioa, uberizazioa. Gero eta langile gehiago zeuden sindikatuon aterkipetik kanpo. Eta hauxe erabaki zuen LABek: sindikatua langileengana gerturatu eta klase subjektua berrosatzeko prozesu bati ekitea. Sindikalismo feminista eta antirrazistaren aldeko hautua egin genuen. Etxeko langileak edota landa eremuko langile migratuak antolatzen hasi ginen. Eta lan baldintzekin bezala, bizi baldintzen inguruko borrokak antolatzeari ekin genion. Prozesu horretan kokatzen da etxebizitza sindikalismoa egiten hasteko erabakia. Lehenik afiliazioari egin genion eskaintza, etxebizitzarekin arazorik izanez gero sindikatuarengana jotzea proposatu genion. Etxebizitza asanbladak antolatu genituen hiriburuetan, arazoekin zetozen afiliatuen auziak jorratu eta kolektiboki irtenbideak bilatzeko. Italiako USBrekin, Madrilgo maizterren sindikatuarekin eta Bartzelonako maizterren sindikatuarekin harremanetan jarri ginen euren esperientziaren berri izateko. Eta azkenik, funts putreen menpe dauden etxebizitzetako maizterrak antolatzen hasi ginen.

Guk ez dugu monopoliorik nahi: enpresetan sindikatu desberdinak dauden bezala, etxebizitzaren eremuan ere sindikatu desberdinak egon daitezke. Gaur egun, LABez gain, etxebizitza sindikatu gisa izendatzen diren eragileak badira. Baina euren lan moldeek zerikusi handiagoa dute eragile sozialen lan moldeekin. Aldiz, guk eskaintzen duguna sindikalismoa da. Etxebizitza arazoaren aurrean aholkularitza, antolakuntza eta borroka kolektiboa egitea. Eta maizterrek asko baloratzen dute hori; askok diote: etor daitezela LABekoak. Badakitelako badugula 50 urtetik gorako esperientzia sindikala. Horregatik gara maizter gehien antolatuak dituen Euskal Herriko eragilea. Euskal Herritik kanpo, erreferentzialenak diren maizterren sindikatuek ere sindikalismoa aldarrikatzen dute: sindikalismo laborala eta etxebizitza sindikalismoa. Eta LAB aitortzen dute Hego Euskal Herriko erreferente eta mintzakide gisa.

“Guk eskaintzen duguna sindikalismoa da. Etxebizitza arazoaren aurrean aholkularitza, antolakuntza eta borroka kolektiboa egitea. Eta maizterrek asko baloratzen dute hori. Askok diote: etor daitezela LABekoak”

Nafarroan etxebizitzaren eremuan Gobernu Foraletik gauza interesgarriak egiten ari dira. Begoña Alfarok zuzentzen duen Departamenduarekin zer harremana duzue? Elkarlanerako aukerak badira? Nola ikusten duzu TESTAren aferarekin duen jarrera eta zer gertatu daiteke kasu honetan eta antzekoak diren kasuetan?

Nafarroan urrats batzuk egin dira baina ez dira nahikoak. Nik uste dut Begoña Alfarok berak badakiela hori. Eta badakiela kaletik presio egin behar zaiela instituzioei, urrats ausartagoak eman ahal izateko. Horretan ari gara gu. Ekainean babes ofizialeko etxebizitzak blindatzeko legea aurrera ateratzea lortu genuen Nafarroako Parlamentuan, PPk helegitea jarri badio ere. Eta orain babes ofizialeko izaera hori galdua zuten TESTAko etxebizitzei begirako irtenbide kolektiboa aldarrikatzen ari gara. Expropiazioa da gure eskaria: etxebizitza horiek diru publikoarekin eraiki baziren, parke publikora bueltatu daitezela. Gaur egun, Testa eta Catellak hilean 800€ inguru jasotzen dituzte etxebizitza bakoitzaren alokairuarengatik; urtean 7 milioi inguru! Bizilagunetako askok 25 urte baino gehiago daramatzate etxebizitza horietan bizitzen; 150.000 euro baino gehiago ordaindu dituzte jada alokairu gisa. Bada garaia bizilagunen eskubideak funts putre horren negozioaren aurretik jartzeko.

“TESTAko etxebizitzei begirako irtenbide kolektiboa aldarrikatzen ari gara. Expropiazioa da gure eskaria: etxebizitza horiek diru publikoarekin eraiki baziren, parke publikora bueltatu daitezela”

Asko aipatzen ari zarete espekulazio prozesu hauekin guztiekin amaitzeko funts putrei etxeak desjabetu egin behar zaizkiela. Hori posiblea da juridikoki?

Ikuspegi politikotik, ordainik gabeko expropiazioa egitea nahiko genuke, izan ere, etxebizitza horiek diru publikoarekin eraiki dira eta bigarren aldiz ordaintzea ez da desiragarriena. Baina eremu laboralean bezala, etxebizitzari dagokionez ere gu ez gara mugatzen aldarrikapen politikoak egitera; guk sindikalismoa egiten dugu. Alegia, irtenbide kolektiboak bilatzen ditugu, bizilagunak antolatuz eta mobilizatuz, teknikoki eta juridikoki bideragarriak diren formulak gauzatu daitezen. Nafarroako Gobernuak badu aukera expropiazio prozedura bat sustatzeko, TESTAri legeak aurreikusten duen kaletordaina emanez; edota erosketa prezio berezietan egiteko aukera arakatu dezake. Edozein kasutan, diru partida bat aurreikusi beharko du datorren urteko aurrekontuetan. Etxebizitza horiek ahalik eta prezio merkeenean eskuratzea eta, bien bitartean, bizilagunik ez kaleratzea da gure helburua. Eta horretarako mobilizatzen jarraituko dugu datozen asteetan.

“Nafarroako Gobernuak badu aukera expropiazio prozedura bat sustatzeko, TESTAri legeak aurreikusten duen kaletordaina emanez; edota erosketa prezio berezietan egiteko aukera arakatu dezake”

Bukatzeko, greba orokorra hauteskunde kanpainaren hasierarekin koinzidituko du: Zein puntutaraino eraginen dute etxebizitzaren gaiak eta bizitzaren garestitzeak kanpaina honetan? Uste duzu eskuin-muturra gelditzeko eta herritarren kezkak azalarazteko baliogarri izanen dela greba?

Bai, zalantzarik gabe. Guk urte asko daramagu politika neoliberalak salatzen. Politika horiek herritarren prekarietatea eta pobretzea eragin dute. Eta baita ere politikarekiko urruntasuna, desesperantza, noraeza. Giro horretatik elikatzen da eskuin muturra, antipolitikaz mozorratuta maiz. Politika neoliberalen kontra borrokatu izanak ematen digun zilegitasunetik, antipolitikaren kontra ere borrokatuko dugu guk. “Alderdi denak berdinak dira” mantrak eskuin muturra indartzen du, berdin da eskuinetik, ezkerretik edo apolitizismotik formulatzen den. Guk ez dugu partekatzen ideia hori. Guk politikan sinisten dugu eta uste dugu Euskal Herrian badagoela aukera langile klasearen mesedetan politika egiteko. Horretarako, burujabetza maila handitzea behar dugu, alegia, Euskal Herrian botere politiko handiagoa izatea. Eta botere politiko hori langile jendearen mesedetan erabil dadin, antolakuntza eta borroka kolektibo iraunkorra sustatzen dugu. Hortik egin behar zaio aurre eskuin muturrari, bai kalean baita hautes-ontzietan ere. Eskuin muturrari ura kendu behar zaio, herritarren lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen egitasmo kolektiboa posible dela aldarrikatuz eta erakutsiz. Honela, azaroaren 11an greba egitea eta azaroaren 29an bozkatzea, eskuin muturrari aurre egin eta Euskal Herriaren eraldaketari bultzada emateko bi mugarri dira guretzat.

“Alderdi denak berdinak dira” mantrak eskuin muturra indartzen du. Guk ez dugu partekatzen ideia hori. Guk politikan sinisten dugu eta uste dugu Euskal Herrian badagoela aukera langile klasearen mesedetan politika egiteko”

Gehiago