Iruñeko bizilagun bat pankarta bat jartzeaz akusaturik epaituko du Auzitegi Nazionalak

Abenduaren 11n izanen da epaiketa Madrilen. 2013ko martxoaren 31n Xabier Lopez Peñaren omenez agertu ziren pankarta batzuk jarri izana leporatzen diote.

2015-ko abenduak 2

Xabier Garcia Iruñeko bizilaguna datorren abenduaren 11n izanen da epaitua Madrilen, 2013ko martxoaren 31n, Aberri Egunean, Xabier Lopez Peña euskal preso politikoaren omenez agertu ziren pankarta batzuk jarri izana leporaturik. Xabier Lopez Peña espetxean hil zen. 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote Garciari, eta baita 8 urteko inhabilitazioa ere.

“Ezustean eta harrituta” hartu du epaiketaren berri Xabi Garciak. “Epaiketa eta zitazio guzti hauek oinarri eta jo puntu berdinaren gainean eraikitzen ari direla begi bistakoa da: presoen eskubideen aitortza aldarrikatzen dutenen aurka ari dira etenik gabe”, salatu zuen Iruñeko Sorturen izenean Aitziber Kanpion-ek.

“Nafarroaren luze zabaleko hamarnaka bizilagun Madrilera joatera behartuak izan dira. Eta guzti honen arrazoia bilatzeko, Estatu Espainolak bere kontakizuna inposatzen jarraitzeko egin duen hautu bortitzera joan behar dugu nahitaez. Horixe da Estatuak duen jokabidea eta egin duen apustua: gatazka politikoaren gordintasunaren gurpil zoroa elikatzea, eguna joan eta eguna etorri”, esan zuen Sortuk.

Apustu errepresibo honen aurrean, Sorturen hitzetan “euskal bidean, pauso berriak ematen ari garen honetan, epaiketa honi erantzuteko modurik eraginkorrena norabide horretan doan ekarpen berri batekin erantzutea dela pentsatzen dugu”. Zentzu honetan, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Egunean, 19:30ean Iruñeko udal plazan eginen den mobilizazioan parte hartzera gonbidapena luzatu zuen Kanpionek.

Gehiago