“Norabide sozialistan garatuko diren eta herri sektoreak zentroan jarriko dituzten politikak behar ditugu etxebizitza eskubide gisa bermatzeko”

Ekiñe Tolosa

Ernai

2026-ko urriak 30

Greba Orokorrean etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatuko da. Gazteriak etxebizitzan eskuratzeko dituen zailtasunak agerikoak dira… Zeintzuk azpimarratuko zenituzke?
Gazteok emantzipatzeko ditugun zailtasunak agerikoak dira, bai. Ez dugu gure bizi proiektuak aurrera eramateko nahikoa tresnarik eta horrek espektatiben krisi garbi bat ekarri du. Etxebizitza ez da, ordea, gazteon arazo bakarra, nahiz eta agian agerikoenetakoa izan.
Garai nahasiak bizi ditugu, non mundua eta baita Euskal Herria ere bidegurutze batean kokatzen diren. Euskal Herriak ez du tresna nahikorik bere biziraupena bermatzeko ezta garaiko erronkei neurriko erantzuna emateko ere. Gainera kapitalismoaren fase baten amaiera eta berri baten hasiera bizi dugu, are basatiago eta autoritarioagoa izanen dena. Testuinguru honetan gazteok are prekarizatuago gaude, gu baikara miseria hau gorpuzten dugun subjektuetako bat.

Etxebizitzaren gaiari helduz, Hego Euskal Herrian, 30 urtekoa da emantzipatzeko bataz besteko adina Europan 26,2koa den bitartean. Gainera, azken hamar urteetan emantzipatutako gazteen kopuruak nabarmen egin du behera: 2015ean gazteen %36,8a emantzipaturik zegoen, egun aldiz, %32ra ere ez da iristen. Horrek, muturreko egoera bat ez ezik, bilakaera negatibo bat ikustarazten du.

Egoera hau ez da kasualitatea, orain arte aplikatutako politiken ezintasunaren ondorio baizik. Izan ere, etxebizitza eskubide gisa bermatu beharrean, politika horiek merkatuaren logika betikotzeko tresna gisa funtzionatu dute.
Horrenbestez, etxebizitza gazteen arteko desberdintasun sozialak iraunarazteko eta areagotzeko beste tresna bat bilakatu da.

“Egoera hau ez da kasualitatea, orain arte aplikatutako politiken ezintasunaren ondorio baizik. Izan ere, etxebizitza eskubide gisa bermatu beharrean, politika horiek merkatuaren logika betikotzeko tresna gisa funtzionatu dute”

Urrats bat aurrera proposamenean etxebizitza duina eta eskuragarria aldarrikatzen duzue. Horrek,praktikan, zer esan nahi du?
Bi aldarri praktiko planteatzen ditugu guk: alde batetik, Euskal Herriak burujabetza handiagoa behar du. Izan ere, egun ez dugu nahikoa ahalmen Euskal Herriaren behar eta baldintza propioetatik abiatuta etxebizitza politikak diseinatu eta martxan jartzeko. Euskal Herrirako etxebizitza politikak Madril eta Parisen erabakitzen dira gaur gaurkoz eta Espainiar eta Frantziar estatua ez dira gai hemen dauden baldintzen neurriko proposamenak osatu eta neurriak hartzeko. Hemen baditugu, ordea, gure baldintza sozial, sindikal eta politikoei erreparatuta neurriak diseinatzeko eta norabide propioak zehazteko tresnak. Horregatik, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako erabakitzea ezinbestekoa da.

Bestetik, neurri hauek norabide bakar argian garatu behar dira: etxebizitza eskubidea da, ez negozioa. Beraz norabide sozialistan garatuko diren eta herri sektoreak zentroan jarriko dituzten politikak behar ditugu; etxebizitza oinarrizko eskubide gisa bermatu eta merkatuaren logikatik aterako dutena. Bide honetan kokatzen dugu funts putreen etxebizitzen espropiazioa, hauek parke publikora eraman eta espekulaziorako tresna izaten uzteko besteak beste.

Azken batean, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako eraiki behar ditugu politika eta neurriak, gure errealitatetik abiatuta eta, bereziki, gazteon behar errealak asetzeko helburuarekin.

“Euskal Herriak burujabetza handiagoa behar du. Izan ere, egun ez dugu nahikoa ahalmen Euskal Herriaren behar eta baldintza propioetatik abiatuta etxebizitza politikak diseinatu eta martxan jartzeko.”

Sindikatuek azpimarratu dute langileen soldata baxuak eta bizitzaren garestitzeak etxebizitzaren krisian eragin handia dutela. Jendea ez bada hilabetearen amaiera iristeko gai, nola ordaindu alokairu garesti bat edo etxe baten hipoteka? Zein da kasu honetan gazteen egoera?

Aurreko urtean egindako ikerketen arabera, Euskal Herrian lan egin eta bizi den pertsona batek gutxienez 1.628 euro kobratu beharko lituzke duintasunez bizi ahal izateko. Gazteen egoerari erreparatuta, ordea, datuak kezkagarriak dira: 25 urtetik beherako bi gaztetik batek 1.600 eurotik beherako soldata jasotzen du, eta 30 urtetik beherakoen artean, bostetik bik.
Beraz, 25 urtetik beherakoen diru sarrerek emantzipatzeko aukera gutxi ematen dute lan egin arren.
Eta, 30 urte bete arte zailtasunak daude bizitza duin bat garatzeko, nahiz eta kasu batzuetan emantzipatzea lortu, eta horrek aukerak handitzen ditu egoera zaurgarrian jarraitzeko.

Horregatik diogu gazteen behar errealak asetuko dituzten politikak behar ditugula. Gazteon egoera sozioekonomikoari erreparatu eta bertatik abiatuta neurriak planteatuko dituztenak.

“Gazteen behar errealak asetuko dituzten politikak behar ditugula. Gazteon egoera sozioekonomikoari erreparatu eta bertatik abiatuta neurriak planteatuko dituztenak”

Azaroaren 11ko greba orokorra historikoa izanen dela aurreikusten da. Ez soilik azken aldian etxebizitzaren inguruan dagoen eztabaida guztiagatik eta hauteskunde garaian gaudelako, baita ere batasun sindikala eman delako eta horrek beti laguntzen du mobilizazioa handiagoa izateko. Nola kokatzen da Ernai hitzordu honen aurrean? Zein da zuek euskal gazteriari luzatu nahi diozuen mezua?
Greba hau beste tresna bat da azken hamarkadan zehar bizitza duinen aldeko borrokan ibili garen eragileontzat. Urte hauetan guztietan, Euskal Herrian etxebizitzaren eta bizi-baldintza duinen aldeko borrokak ez dira eten, eta greba orokorrak borroka horiei bultzada berri bat emateko aukera eskaintzen digu.

Azaroaren 11ko greba orokorrak aukera ematen digu Euskal Herrian bertan gure errealitate politiko, sozial eta ekonomiko propioei erantzun bat emateko, eta hori guztia Euskal Herritik Euskal Herrira begira egiteko.
Horregatik, Euskal gazteriari dei egiten diogu grebarekin bat egin eta gurekin batera kaleak hartzera. Gure etorkizuna ezin da prekarietatearen, ezegonkortasunaren eta emantzipatzeko ezintasunaren menpe egon. Guk argi dugu eskubide horiek bermatzeko borrokan jarraituko dugula. Azaroaren 11n, beraz, beste urrats bat aurrera eginen dugu norabide honetan, Euskal Herrian bizitza duinak eraikitzeko eta gure etorkizunaren jabe izateko.

“Euskal gazteriari dei egiten diogu grebarekin bat egin eta gurekin batera kaleak hartzera. Gure etorkizuna ezin da prekarietatearen, ezegonkortasunaren eta emantzipatzeko ezintasunaren menpe egon”

Gehiago