NUPen langile baten aurkako erasoa eta euskararen kontrako mehatxuak salatu dituzte, eta unibertsitateari faxisten zigorgabetasuna ahalbidetzea egotzi diote
Nafarroako Unibertsitate Publikoko eragileek langile baten aurkako arrazoi politikoengatiko eraso fisikoa, Euskara Taldeko kideen aurkako mehatxu eta oihu euskarafoboak eta campusean propaganda faxista, arrazista eta espainolista agertu izana salatu dituzte. Asteazken honetan Iruñean egindako agerraldian, gertakari horien aurrean «beste alde batera begiratzea» egotzi diote erakundeari, eta ikasle mugimendu antifaxista zabal eta indartsua eraikitzeko deia egin dute.
2026-ko urriak 28
Langile baten aurkako arrazoi politikoengatiko eraso fisikoa, ikasle antolatuen aurkako mehatxuak eta propaganda faxistaren hedapena campusetan. Egoera hori salatu dute urriaren 28 honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat eragilek. Liburutegiko plazan bildu dira, unibertsitatean faxismoa indartzen ari dela ohartarazteko eta, erantzunik ezaren aurrean, bertako arduradunen erantzukizuna seinalatzeko.
Salatutako gertakarien artean, ikasle batek langile bati egindako erasoa nabarmendu dute. Adierazi dutenez, ikasleak lotura du antolakunde faxistekin, eta erasoaren arrazoia politikoa izan zen. Agerraldiko kideek unibertsitatean propaganda erreakzionarioaren presentzia handitzen eta talde faxistak antolatzeko saiakerak gertatzen ari diren testuinguruan kokatu dute erasoa, ikasturtea hasi zenetik bi hilabete eskas igaro direnean.
Ikasle antolatuen jarduera politikoaren aurkako erasoak ere salatu dituzte. Zehazki, Euskara Taldeko kideek oihu euskarafoboak eta propaganda kentzeko mehatxuak jaso zituztela azaldu dute, eta ondoren propaganda kendu zietela. Horrez gain, campusean eduki faxista, arrazista eta espainolista duten materialak agertzen ari direla salatu dute.
Eragileen arabera, ez dira gertakari isolatuak. Gizartean eskuin muturra indartzearekin, euskararen aurkako oldarraldiekin, matxismoaren normalizazioarekin eta pertsona migratzaileen aurkako erasoekin lotu dituzte. Ildo horretan, adierazpen horiek unibertsitatean lekua izatearen larritasunaz ohartarazi dute.
NUPen beraren jokabidea ere salatu dute. Agerraldiko kideek jarrera pasiboa izatea eta «beste alde batera begiratzea» egotzi diote erakundeari. Haien iritziz, neurririk ez hartzeak faxistei unibertsitatean «inpunitate osoz» jarduteko aukera ematen die; horregatik, unibertsitatearen arduragabekeria eta konplizitatea salatu dituzte.
Egoera horren aurrean, faxismoaren normalizazioa errefusatu dute, eta haren adierazpen guztiei irmoki erantzungo dien ikasle mugimendu antifaxista zabal eta indartsua egituratzeko beharra aldarrikatu dute. Era berean, ikasleen interesei erantzungo dien hezkuntza euskaldunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
NUPeko ikasle, irakasle, talde eta norbanako guztiei zuzendu diete deia, unibertsitatean zein gizarteko gainerako esparruetan antolatzera animatuz. «Faxismoaren aurrean atzerapausorik ez! Ikasleok unibertsitate antifaxista!» izan da agerraldiaren leloa.
Gehiago
Olatu erreakzionarioaren aurrean, “Euskal Herria, eskubideak eta demokrazia eraikitzeko”deia egin du Gure Eskuk
Lizarraldeko 13 auziperatu antifaxisteei babesa eta elkartasuna adierazteko eguna antolatu dute urriaren 31an
3
