Olatu erreakzionarioaren aurrean, “Euskal Herria, eskubideak eta demokrazia eraikitzeko”deia egin du Gure Eskuk

Euskal Herriko zazpi hiriburuetako plazak bete dituzte herritarrek, gaur eguerdian, “Zazpi jauziz, herri bat” ekimenaren deiari erantzunez

2026-ko urriak 25

Euskal herritarrek Baionako Askatasunaren plaza, Bilboko Arriaga plaza, Donibane
Garaziko Merkatu Estalia, Donostiako Plaza Berria/Konstituzio Plaza, Gasteizko Andre
Mari Zuriaren Plaza, Iruñeko San Jose Plaza eta Mauleko Arrabotua bete dituzte, gaur
eguerdian, Gure Eskuren “Zazpi jauziz, herri bat” ekimenari erantzunez. Herritarrek Zazpi
Jauzi dantza egin dute, zazpi hiriburuetan aldi berean, honako mezu hau bidaltzeko: euskal
nazioak jauzi bat egin behar du aurrera. Ildo beretik, eta gaur egungo testuingurua aintzat
hartuta. Gure Eskuk “eraikuntzarako” deia egin du. Dantza egin ondoren, agiri bera irakurri
dute zazpi hiriburuetan, eta jai giroak jarraitu du guztietan.
Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak adierazi duenez, “jauzi bat egin behar dugu,
XXI. mendeko erronka erraldoei heltzeko. Eta jauzi bat egin behar dugu geure nazio sena
indartzeko, geure identitatea, hizkuntza eta kultura biziberritzeko, eta geure jendartearen
eskubideak babestu eta zabaltzeko. Olatu erreakzionario bat astintzen ari da mundua, eta
olatu horren aurrean, gure erantzunak eraikuntza izan behar du: Euskal Herria eraiki,
eskubideak eraiki eta demokrazia eraiki. Eraikuntza horretarako baliatu behar ditugu euskal
lurraldeen gaur egungo autogobernu mailak eta eraikuntza horretarako eskuratu behar
ditugu burujabetza esparru gehiago. Burujabetza herritarren eskubideen eraikuntza-tresna
ere bada”.
Horregatik, instituzio publikoek, alderdi politikoek eta eragile sozial guztiek ere, garai
honetan inoiz baino gehiago, herri ikuspegiaz, arduraz eta anbizioz jokatu behar dutela
gaineratu du Etxaburuk: “Denon ardura da nazio jauzi hori bultzatzea eta denon ardura da
jauzi horretarako aukera oro aprobetxatzea”.
Gaurkoa sinbolismo handiko ekimena izan da. Izan ere, lehen aldiz egin da mota honetako
ekimen bat, aldi berean, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan. Zazpi Jauzi dantza, bestalde,
sobera ezaguna da Euskal Herri osoan, eta zazpi lurraldeak elkartzeko balio izan du gaur.
Eta azkenik, Euskal Herriak egin beharreko nazio jauzia jarri da plazaren erdian.
“Zazpi jauziz, herri bat” ekimenarekin adin eta sentsibilitate guztietako herritarrek egin dute
bat, gure herriaren aniztasunaren erakusle. Ekimena ere hamaika herritarren lanaz atera da
aurrera, eta funtsezkoa izan da dantza talde eta dantzari askoren inplikazioa. “Beste molde
bat erabili dugu gaur aldarrikapena egiteko eta jauzi hori eskatzeko: dantzaren bitartez egin
dugu, giro ederrean, dantza ere herria egiteko bidea delako, eta poz-pozik gaude
emaitzarekin. Gaur, berriz ere, Euskal Herriarekiko eta beren herrikideekiko konpromisoa
erakutsi dute euskal herritarrek”, adierazi du Josu Etxaburuk.
Gure Eskuko bozeramaileak, bestalde, gogoan izan du gaur Euskal Pilota Selekzioak
Argentinako eta Uruguaiko Munduko Txapelketan izandako parte-hartzea: “Euskal Pilota
Selekzioak Munduko Txapelketan egindako jauzia txalotu nahi dugu. Jauzi txikia da, beste
zenbaitekin alderatuta, baina primeran erakusten du herri honek beste arlo batzuetan egin
beharreko bidea. Zorionak, beraz, gure selekzioari eta gure pilotariei!”.
Ildo horretatik, Gure Eskuk parte hartuko du bihar, 09:00etan, Loiuko aireportuan, Euskal
Pilota Selekzioari egingo zaion harreran, eta dei egin die herritarrei bai bertara hurbiltzeko,
bai Euskal Futbol Selekzioak azaroaren 14an San Mamesen jokatuko duen partidara
joateko.

Gehiago