Jardun antolakundearen aurkako kriminalizazio saiakera salatu eta atxilotuen askatasuna eskatu dute

Aste honetan Irungo polizia-etxean bere burua aurkeztu eta gero atxilotu eta espetxeratu dituzten bi euskal herritarren auzia aitzakiapean Jardun koordinadoraren aurkako kriminalizazio kanpaina abian jarri dela salatu dute Bilboko Arriaga plazan egindako prentsaurreko batean.

2026-ko urriak 22

Jardunek dio Espainiar estatuaren errepresioa ez dela berria Euskal Herrian eta “bere makineria errepresibo eta mediatiko guztia” jarri duela martxan. “Honen helburua argia da; Euskal Herrian beldurra hedatzea eta kapitalari eta haren borreroei aurre egitera ausar zitekeen militante oro kikiltzea”.

Hauteskundeen garaian gaudela azpimarratu nahi izan dute interes politiko zehatzak daudela nabarmentzeko. “Azken aste hauetan bizitzen ari garen moduko muntaiak, hauteskundeen testuinguruan, ohikoak izaten dira”, diote.

Atxilotuen irudiak, izen-abizenak eta difamazioak zabaldu direla salatu egin dute, eta senideen aurkako erasoak izan direla hedabide zein sare sozialetan. “Hori gutxi ez eta atxilotuak epailearen aurretik pasa baino lehen jada errudun deklaratu dituzte. Gainera, hauek JARDUN koordinadorarekin lotzeko saiakera egiten ari dira, proiektu politikoaren aurkako inoizko kriminalizazio kanpainarik handiena aurrera eramateko”.

Jardunen hitzetan, kriminalizazio kanpaina honen atzean dagoena da eurek ordezkatzen duten proiektu politikoa oztopatzea. “Espainiar eta frantziar estatu burgesek, euskal konplizitatearekin batera, hainbeste urteetan sostengatutako ongizate estatua gainbeheran dagoenean, Euskal Herri Langileari askatasunerako bidea eman diezaiokeen Alternatiba Iraultzaile bat gorpuzteko arriskua ikusten dutenean, estatu zapaltzaileei ezinbestekoa zaie beren arma guztiak hartu eta gupidarik gabe euskal militante politiko ororen aurka oldartzea”.

Vocento edota El Mundo bezalako hedabidetan zabaldu diren informazioak kriminalizazio kanpaina honen parte direla salatu nahi izan dute. “JARDUN koordinadora seinalatzen eta honekin zerikusirik ez duten atxiloketak lotzen ari baitira”. Honekin batera ohartarazi dute azken egunetan euren militanteen gaineko jarraipen eta presio polizialak areagotu egin direla.

Ez dute zalantzarik testuinguru politikoa prestatzen ari dela JARDUN koordinadora ilegalizatzeko eta atxiloketa berriei atea zabaltzeko “Euskal Herri Langilearentzat suposatzen duen alternatiba politikoa hondoratzea” helburuarekin.

Gehiago