“Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!” lelopean batasun sindikala osatu dute greba orokorrerako

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bat egin dute azaroaren 11an deitutako greba orokorrean manifestazio bateratuak deitzeko.

2026-ko urriak 22

Iruñean egindako agerraldi batean. Azpimarratu dute greba orokorra honetan Euskal Herriko markoa babestu eta defendatu nahi dutela, hau da, Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatu. Etxebizitza eskubide bermatua izan dadila eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela azpimarratu dute. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru propioan sakontzeko unea dela uste dute deitzaileek.

“Etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da”, adierazi dute. Zentzu horretan, etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean, sindikatuen arabera.

“Langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsa” aterako dira kalera azaroaren 11an.

Hiru aldarrikapen nagusiak
Kalitatezko etxebizitza bermatze aldera erroko hiru transformazio bultzatu behar direla defendatu dute sindikatu guztiek: batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua. “Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute”, ziurtatu dute.

Erroko 3 aldarrikapen horietaz gain, langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk defendatu dituzte, hala nola, etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera.

Instituzioei eskaerak

Instituzioen ardura PSOEk gidaturiko gobernua zuzenean kritikatu dute azken 8 urteetan ez baituelako inolako neurririk hartu egoera egituraz aldatzeko. Hala ere, maila guztietako ardurak seinalatu dituzte, bereziki Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuarena. Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili dituztela uste dute sindikatuek. Alderdi guztietako udalen ardura ere seinalatu da, alternatibarik gabeko etxegabetzeak eman baitira horietako batzuetan.

Confebask eta CEN patronalak ere interpelatuak izan dira. “Patronal hauek dira prekarizazioa betikotzen jarraitzen dutenak eta gainera, uko egin diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari”, gogoratu dute.

Azaroaren 11rako greba orokorra deitu duten sindikatuek adierazi dute ez dutela onartuko “alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabil dezatela, konponbide errealik planteatu gabe”.

Era berean, etxebizitzaren bidez ez ezik soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi duen pobretzea salatu dute deitzaileek, eta Hego Euskal Herrian azaroaren 11ko greba orokorraren aldarrikapen nagusietako bat soldatak duintzea izango dela gogorarazi dute.

Ildo horretan, bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa premiazko neurria dela adierazi dute, eta aurten egindako 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra gogora ekarri dute. “Kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da”, defendatu dute bertaratutako sindikatuek.

Nafarroan, greba orokorraren eguneko mobilizazioak 12:30ean abiatuko dira, Iruñean Gaztelu plazatik eta Tuteran Foru plazatik. Arratsaldean ere mobilizazioak egongo dira bai Iruñean bai beste herri batzuetan.

Gehiago