Urriaren 12an “Elkarrekin Amestu! Elkarrekin Borrokatu!” lelopean kaleak betetzeko deia egin dute

Iruñeko Arrozak herri ekimenak, mota guztietako 100 erakunderen babesarekin, urriaren 12rako Antoniutti parketik abiatuko den manifestaldia eta ondorengo arroz-festa antolatu du Txantreako Irubide parkean. Manifestazioak Iruñeko kaleak zeharkatuko ditu "faxismoaren eta arrazakeriaren aurka, eta pertsona guztien bizitza duinen alde, hauen jatorria eta izaera edozein dela ere".

2026-ko urriak 3

Datorren urriaren 12an, eguerdiko 12:00etan “Elkarrekin Amestu! Elkarrekin Borrokatu!” lelopean manifestazio bat zeharkatuko ditu Iruñeko erdiguneko kaleak, Antoniuttitik Udaletxe plazaraino. Deitzaileek kaleak betetzeko deia egin dute “elkartasunaren eta duintasun antifaxistaren sinbolo gisa”.

“Azken egunetako gertaeren aurrean, bidea argia da: behekoen mobilizazioa, batasuna eta antolaketa eraginkorra da, bai ultraeskuindarren posizioak geldiarazteko, bai eta herri konkisten agertokiak eskuratzeko eta ortzimuga berriak irudikatzeko”.

Manifestazio hau Iruñeko Arrozak mobilizazio, festa eta aldarrikapen egunaren barruan antolatu da eta ondoren Irubiden (Txantrea) munduko arrozak dastatzeko aukera izango da. Era guztietako ehun erakundek bat egin dute aurreko urteko “Txantreako Arrozak” esperientziatik sortutako ekimenarekin, eta aurten zabaldu egingo da “desberdinen artean batu beharra baitugu jasaten ari garen olatu faxista eta arrazistaren aurrean”.

Manifestazioa, hain zuzen ere, “Espainia erreakzionarioak bere inperio arrazista eta patriarkala, kolonialismoa, belizismoa eta nazional-katolizismoa ohoratzen dituen egunean” egingo da. “Oraingoan, aldiz, jatorri, kultura eta kolore guztietako beheko eta ezkerreko jendeak osatzen duen Iruñea solidarioa mobilizatu egingo da. Denok batera, eskuin muturraren etengabeko borroka eta zatiketaren amuari hozka egiten ez dioten herritarrak gehiengoa direla” erakutsi nahi dute.

“Gorrotoaren, buloen eta errepresioaren estrategia erreakzionarioak klase herrikoiak bereiztea eta elkarren aurka jartzea bilatzen du, betiko moduan betikoek irabaz dezaten. Horren aurrean, euren ezberdintasunen gainetik, besoz-beso guztiok mehatxatzen gaituen munstro faxistaren aurka borrokatzeko borondate irmoa aldarrikatuko dugu. Elkarrekin amets egiteko eta borrokatzeko eguna izango da, aberastasuna, bizitza duinak eta pertsona guztientzako eskubide guztiak berma daitezen aldarrikatzeko eguna, jatorria eta baldintza edozein dela ere”, adierazi dute egindako agerraldian.

Egitaraua goizeko 11.00etan hasiko da dantza jai batekin. Bertan izango dira, besteak beste, Iruña Taldea, Unión Familiar Ecuador, Morenada Central-Comunidad Cocani, Perú Danza, Colombia Integración Sin Fronteras eta Nigeriako Eddo estatuko dantza-taldea. 12:00etan abiatuko da manifestazioa Antoniuttitik. Udaletxe plazan amaitu, eta ekitaldi labur bat eginen da. Ondoren, Irubidera kalejira abiatuko da, munduko arrozen dastaketara. Han munduko arrozak dastatzeko aukera izanen da, eta hamaika ekitaldi kultural ere izanen dira, publiko guztientzat eta arratsalde osoan zehar.

100 eragileen babesa

Iruñeko Arrozak ekimenak Iruñerriko era guztietako 100 eragile ingurukoen babesa jaso du dagoeneko.

Gehiago