Euskalerria Irratiak bere egoitza berria inauguratu eta erronka berri bati ekin dio: 400 bazkide gehiago lortzea

Iruñeko Kale Nagusira salto egin eta bere jardunean fase berri bati ekin dio Euskalerria Irratiak. Erredakzio eta estudio berriak inauguratzearekin batera, proiektu komunikatibo multimedia gisa indartu nahi du bere burua eta Nafarroako hegoaldera zabaltzeko asmoa erakutsi du irratiak.

2026-ko urriak 2

Iturria: Ahotsa.info – Euskalerria Irratia

Euskalerria Irratiaren komunitateko ehunka lagun elkartu ziren atzo Iruñeko Kale Nagusiko 54 zenbakian, egoitza berriaren irekiera ospatzeko. Aurrera begira, proiektu komunikatibo multimedia gisa indartzea eta Nafarroa hegoaldera zabaltzea dira erronka nagusiak.

“Iruñeko bihotzetik, Iruñerri, Nafarro, Euskal Herri, mundu osora”, aldarrikatu zuten atzoko festaren une batean Miren Mindegia eta Juan Kruz Lakasta irratilariek oholtzatik. Eta hain justu mundu bat bildu zen Kale Nagusiko 54 zenbakiko patioan inaugurazio jaiaz gozatu eta egoitza zein proiektu berria ezagutzeko.

Komunitate oso bat, patio batean elkarturik

Euskalgintzako hainbat eragile izan ziren bertan: Kontseiluko buru Idurre Eskisabel, Taupako Nafarroako koordinatzaile Uxue Izko, Euskaltzaindiko Sagrario Aleman, AEK-ko Asier Biurrun, IKAko Xabi Martinez de Lezea, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Oier Sanjurjo, IKF fundazioko Kike Diez de Ultzurrun eta beste hainbat; Karrikiriko Jon Bujanda; Labako Iker Tubia.

Hedabideek ere ordezkaritza zabala izan zuten: Berria Taldeko presidente Elene Barandiaran, ETBko zuzendari Isabel Octavio, Gara-ko zuzendari Iñaki Soto, Diario de Noticias-eko zuzendari Ana Ibarra, Guaixeko kudeatzaile Goizeder Anton, Ahotsa-ko koordinatzaile eta Argia aldizkariko Xabier Letona, besteak beste. 

Halaber, ordezkari politiko ugarri bertaratu ziren: Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollo eta Begoña Alfaro; Mikel Irujo eta Jose Mari Aierdi kontseilariak; Parlamentuko presidente Unai Hualde; EH Bilduko parlamentari Laura Aznal eta Eneka Maiz, europarlamentari Pernando Barrena, senatari Bel Pozueta, Atarriabiako  alkate Mikel Oteiza, Burlatako alkate Berta Arizkun eta Antsoaingo alkate Marta Diez.

Kultur munduko hainbat ordezkarik ere parte hartu zuten jaian: Katakrak-eko Nerea Fillat eta Iban Maya; Txalapartako Garazi Arrula eta Ane Eslava; Pamielako Lander Majuelo; Marino Goñi, Toño Muro eta Julen Goldarazena Flakofonki musikariak (besteak beste); Mikel Taberna, Inma Errea eta Fernando Rey.

Festa ikusgarria, proiektu berriaren isla

Atzo Kale Nagusiko 54 zenbakiko patioan egindako festak ederki islatu zuen Euskalerria Irratia osatzen dugunok gure egoitza berrian egin nahi duguna: hitzekin, musikarekin zein irudiekin informatu, entretenitu, sortu, jolastu, gozatu. Komunitatearekin eta komunitatearentzat.

Broken Brothers Brass Banda bertaratu ziren 350 lagunei (sold out: aforoa beteta) Agur jaunak jotzen. Egun Motelak kolektiboa (Borlako Martin Ziriza, Melenaseko Oihana Herrera eta Hiuzzeko Markel Flores, besteak beste) Balerdi-Balerdi taldearen Lore Etxea kanta mitikoa jotzen, publiko artean zegoen Toño Muro Balerdi-Balerdiko abeslariaren aitzinean.

Jarraian, Iker Oiz eta Martintxo Etxauri artisten bideo mapping ikusgarriak Euskalerria Irratiaren eraikinaren fatxadan, irudion gainean Broken Brothersek inprobisatzen zuen bitartean. Eta halako batean, ezustean, irratiaren solairuko leihoetara azaldu ziren Sustrai Colina, Sarai Robles eta Idoia Granizo bertsolariak, proiektu berriari buruz abesteko.

Gero, beste bideo mapping bat, beste artelan bat, eta hori amaituta, leihoetan, Gorka Urbizu eta Areta Senosiain, Zilarra abestia jotzen: gutizia eder bat.

Euskaldunok badugu festa komunitarioetarako dantza bat, Soka dantza hain zuzen ere. Doinua Broken Brothersek jarri zuen, Ihitz Iriartek horren gainean Sustrai Colinak festa honetarako bereziki prestaturiko bertsoak abestu zituen, eta Duguna dantza taldeko kideek bertaraturikoak sokara lotu zituzten. Unetxo ederra. Eta festa hain justu festa giroan amaitzeko, Gosuan Salsaren hiru kanta.

Gehiago