Hezkuntza ituna: nahierara kendu eta jarri errepikapena

Ane Apezetxea Gorrotxategi, Raul Lopez Ekai

STEILAS

2026-ko irailak 30

Germany, Bavaria, Chairs and blackboard in classroom

2024ko otsailean Nafarroako Eskola Kontseiluak jardunaldi batzuk antolatu zituen errepikatzeari eta eskola uzteari buruz. Bertara, estatuko zenbait aditu ekarri zituzten, eta ondorio nagusia izan zen Nafarroa Garaiko ikastetxeetan errepikatzearen neurria gehiegi erabiltzen zela eta, gainera, kaltegarria zela ikasleentzat. Hain zen garrantzitsua gai hori, non Nafarroako Gobernuak eta Save the Childrenek 2025ean hitzarmena sinatu baitzuten herrrialdean eskola errepikapena prebenitzeko eta murrizteko.

Errepikapenaren aurkako gurutzada horretan, Hezkuntza Departamentuak itun berriari buruz hasitako negoziazioan murrizketa batzuk sartu zituen, besteak beste, ratioa kalkulatzeko ez zela aintzat hartuko ikasle errepikatzaileen kopurua. Horrekin, ahalik eta ikasle gehien mailaz igarotzera behartu nahi ziren irakasleak, nahiz eta gutxieneko ezagutzak eta trebeziak ez eskuratu, eta behar adina baliabide ez jarri.

Itun horren sasinegoziazioa posible izan zen ANPEk, AFAPNAk eta UGTk mobilizazioa alde batera utzi zutelako, eta murrizketez jositako akordioa izenpetu. Azken finean, eskuineko sindikatu espainiolista horiek ahalbidetu zuten errepikatzaileak kontuan ez hartzea ratioa kalkulatzeko. Hortaz, ustekabean harrapatu gintuen 2026ko irailean aipatutako sindikatuek eskatzea errepikatzaileak aintzat hartzea ratioa zehazteko, batez ere jakinda 2025-26 ikasturtean itunaren jarraipen batzordea ez zela bildu behin ere (ikasturtean behin, bederen, elkartu behar du nahitaez).

Eskaria iritsi zen PISAko datuak ezagutu ondoren, PISA garatzen duen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak ELGAk (OCDEk) esanagatik ez dela beharrezkoa ratioak jaistea hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Hala ere, agerian gelditu ziren berriro gure herrialdeko Hezkuntza Publikoak jasaten dituen gabeziak, eta PSNk zer edo zer eskaini behar zuen. Beraz, aipatu sindikatuekin adostu zuen murrizketa hori neurri batean kentzea: Lehen Hezkuntzan eta DBHn baino ez.

Aldez aurretik sukaldatutako jakiekin itxura osasuntsua eman nahi da, baina beti osagai toxikoak dauzkate bere konposaketan, itunean murrizketa gehienek bertan baitiraute, eta bestelakoak falta baitira: kasu honetan ez da eskatu errepikatzaileak kontuan hartzea bai Lanbide Heziketan, bai Batxilergoan ere. Gainera, neurria abian jarriko da 2027-28 ikasturtean. Beharrezkoa bada, zergatik ez da ezartzen ikasturte hasieran berean edo, gutxienez, 2027ko urtarriletik aurrera, aurrekontuen legeak emandako diru partida baten bitartez?

Hain zuzen ere, Lanbide Heziketan, ustez, ratioak 20 ikasletara jaitsi dira, itunak xedatzen duen bezala, baina errepikatzaileak ez dira aintzat hartzen, ez eta matrikula biziarekin etorritakoak. Adibidez, erdi mailako ziklo batean egon daitezke: 20 matrikula berri, gehi 5 errepikatzaile eta 2 matrikula biziarekin etorritakoak, osotara 27; horra hor iruzurra.

Aurrekoa gutxi balitz, irailaren 25ean, itunaren jarraipen batzordea batzartu bezain fite, Hezkuntza Departamentuak delako sindikatuek eskatutako neurria onetsi zuen eta berehala bozketa bat planteatu, bileraren gai ordenan ez agertu arren. Gehiengo sindikalak afera sakon jorratzea galdegin zuen, eta aldaketa horren arrazoiak eskatu. Egoera horrela, Departamentuak atzera egin zuen eta ez zen deus bozkatu. Hala ere, nahiz eta gezurrezkoak izan ANPEk eta AFAPNAk aldez aurretik prestatutako mezu handinahiak, lau haizetara hedatu zituzten. Salgaia, hau da, ituna, ustela izanagatik, saldu egin behar baita.

Haizeak eraman du oinarrizkoa zena. Hauteskundeak hurbiltzen ari direnean, eta hezkuntzan ezinegona gora doanean, PSNk bere printzipioak kentzen eta jartzen ditu nahierara.

Gehiago