Babacar Wellen heriotzari buruz

Nafarroako SOS Arrazakeria

2026-ko irailak 30

close up at a professional shooting range military trainer reloading a pistol ready to shoot

Hondarribiko Udaltzaingoko agente baten tiroaren ondorioz Babacar Welle hil izana salatu eta gure haserre sakona adierazi nahi dugu. Polizia-operazio baten baitan pertsona bat hil den honetan, ezin dugu isilik geratu.

Beste behin ere, hedabideek Segurtasun Sailak zabaldutako azalpena besterik ez dute jaso. Bertsio horrek hildakoaren gain jartzen du erantzukizuna, poliziaren jarduna bera zalantzan jarri gabe. Horrela, esku-hartzea eta segurtasunaren izenean erabilitako indarkeria justifikatu eta zuritu egiten dira.

Poliziaren jardunaren ondorioz su-arma erabilita pertsona bat hiltzen denean, ezinbestekoa da inguruabar guztiak sakon, modu independentean eta gardentasun osoz ikertzea. Ez da nahikoa poliziak emandako azalpena bere horretan ontzat ematea. Tiroa baino lehen zer egoeratan zegoen pertsona, esku-hartzean zer erabaki hartu ziren eta ondoren zer egin zen argitu behar da. Era berean, zer aukera zeuden indarra erabili aurretik, zer protokolo aplikatu ziren eta erabilitako indarra beharrezkoa eta proportzionala izan ote zen aztertu behar da. Pertsonaren bizitza eta osotasuna babestea izan behar du beti abiapuntua.

Polizia-indarrek pertsona guztien segurtasuna eta osotasuna bermatzeko ardura dute beren jardunetan. Betebehar hori are handiagoa da pertsona bat zaurgarritasun egoeran dagoenean edo krisi bat bizitzen ari denean.

Horregatik, honako hauek eskatzen ditugu:

  • Babacar Welle-ren heriotzaren inguruko inguruabar guztiak argitzeko ikerketa sakon eta independentea.
  • Dagozkion erantzukizun indibidualak zein instituzionalak argitzea.
  • Poliziaren jarduteko protokoloak eta su-armak erabiltzeko irizpideak jendaurrean berrikustea, bereziki krisi egoeren eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen aurrean.
  • Indar hilgarria erabili beharrean eskuragarri zeuden beste aukerak aztertzea eta ebaluatzea.
  • Familiari zein gizarteari ikerketaren bilakaeraren eta emaitzen berri emateko beharrezko gardentasun-neurriak bermatzea.

Heriotza hau ezin da kasu isolatu gisa ulertu. Urteetan zehar poliziaren jarduera arrazista eta bortitzei, indarraren erabilera neurrigabeari eta eskubideen urraketei buruz egindako salaketek erakusten dute erakundeek beren jardunbideak sakon berrikusi behar dituztela. Horrez gain, kontrolerako eta erantzukizunak eskatzeko mekanismo independenteak ezarri behar dira.

Egia, argitzea eta erantzukizunak eskatzen ditugu. Bizitza bat galdu da eta kaltea atzera bueltarik gabea da. Baina beharrezko neurri guztiak hartu behar dira, horrelako heriotzarik berriro gerta ez dadin.

Gaur, Senegalgo komunitateak elkarretaratzea deitu du mina eta haserrea adierazteko eta erantzunak eskatzeko. Deialdiarekin bat egiten dugu. Indarkeriaren aurrean, arrazakeriaren aurkako defentsa-sareak ehuntzen eta indartzen jarraitu behar dugu.

Gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu Babacar Welle-ren senide eta lagunei. Badakigu galeraren minari administrazioaren isiltasuna ere gehitzen zaiola. Isiltasun horren atzean, ordea, azalpen eta justifikazio ugari etor daitezke. Horien aurrean, egia eta erantzukizunak eskatu behar ditugu.

Gehiago