Emaitzak kezkagarriak dira, ebidentziak ebidentzia, lanbaldintzak ere bai
Itxaso Piquer Insausti eta Haizea Arbide Aza
STEILAS Sindikatua
2026-ko irailak 23
PISAren azken emaitzek kezka sortu dute. Ezin diegu datuei muzin egin, ezta emaitzak komeni
zaigunaren arabera hautatu ere. Hezkuntza sistema hobetzea nahi badugu, errealitate osoa
aztertu behar dugu. PISAren datuak jakin bezain laster irakurketa interesatuen ilara ikusi behar
izan dugu hedabide desberdinetan, badago euskararen kontra edo migratzaileen kontra egiteko
aprobetxatuko duenik ere, haien kolore politikoaren arabera.
Duela aste batzuk, PISAren inguruko hainbat auzi jarri genituen mahai gainean: zer neurtzen
duen, zer uzten duen neurtu gabe eta zertarako erabiltzen diren emaitzak. Ebaluazio tresna
baten mugak aztertzea ez da datuak ukatzea. Aitzitik, datuak aztertu behar dira. Baina datuak
ez dira berez diagnostikoa.
PISAren emaitzek errealitate konplexu baten berri ematen digute. Horregatik, galdera ez da
soilik zer gertatzen ari den gure ikasleen emaitzekin. Galdera ere bada zer gertatzen ari den
gure hezkuntza sistemarekin. Eta, batez ere, zer egiten ari garen emaitza horien aurrean.
Sakoneko arazoa da hezkuntzan egun pairatzen dugun errealitatea eta asko haien argudiaketak
egiten hasi badira ere, euren etekin politikoaren bila, honen jatorria zalantzarik gabe faktore
anitzekoa da. Euskal Herrian nabarmendu bada ere, ikasleen ulermen mailaren jaitsiera
orokorra izan da, baita Estatu Espainoletik kanpo ere. Alemanian edo Finlandian, non hezkuntza
egitura desberdinak dituzten, emaitzek ere behera egin dute. Beraz, euskaren kontra egiteko
aitzakia topatu dutenentzat, beste behin ere argudiaketa horrek ez du funtzionatzen. Edonola,
guk beti defendatuko dugu etekin interesatuek ez dituztela inola ere geure eskubide
linguistikoak baldintzatuko.
Hezkuntza Sailak behin eta berriz aipatu du ebidentzietan oinarritutako hobekuntzaren beharra.
Irakurmena, matematika eta zientzietako konpetentziak hobetzea, diagnostikoa eta ebaluazioa
indartzea eta ikastetxeetan erabakiak hartzeko datuak erabiltzea dituela helburu.
Zenbat eta zein baliabide jarriko ditu Hezkuntza
Sailak hezkuntza publikoa benetan indartzeko?
Jaitsiera orokorrari erreparatuz, argi dago pantailak eta inteligentzia artifizialak eragin
nabarmena izan dutela. Baina, hauek jomugan jarri baino, haien erabileraren inguruko
hausnarketa eta formakuntza beharko genukeela gaineratu nahi dugu. Ordea, ez da hori izan
Pedrosa sailburuak proposatu diguna: adostu gabeko digitalizazio prozesua, formakuntza
errealik gabe, ezertarako balio ez duten kamerak,… Hezkuntza Sailak inprobisazioz eta
aldebakarrez egiten ditu mugimendu guzti hauek.
Berdin jokatu da konpetentziekin. Gobernura iristen den indar politiko bakoitzarekin Hezkuntza
Lege berri bat ezartzen zaigu. Azken hau, gaitasunetan oinarritutakoa, Eskozian ezarri zen
lehen aldiz eta dagoeneko, bertan frogatu dute ikasleen ulermen gaitasuna nabarmen jaitsi
dela. Aldiz, gurean buru-belarri jarraitzen dugu gure ikasleek sistemaren arazoak konpondu
ditzaten lan egiten.
STEILASen iritziz, ebidentzia guztiak hartu behar ditugu kontuan. PISA, Ebaluazio Diagnostikoa
eta bestelako ikerketak. Baina, are garrantzitsuagoa den ikastetxeetako eguneroko
errealitatea ezin dugu ahaztu. Ikasleen testuinguru sozial eta ekonomikoa, ikasleen
aniztasuna, segregazioa, hizkuntza errealitateak eta ikastetxeek dituzten baliabideak ere
ebidentziak dira. Irakasleek aspaldi eman digute errealitate honen berri eta Hezkuntza Sailak
entzungor egin dio esandakoari.
Bitartean, eskolari eta bertako langileei gero eta ardura gehiago eskatzen diegu, besteak
beste, ikasle guztien ikaskuntza bermatzea, inklusioa sustatzea, euskararen ezagutza eta
erabilera indartzea, desberdintasunak konpentsatzea, pentsamendu kritikoa garatzea,
ongizatea zaintzea…
Emaitzak ebaluatzen baditugu, ebaluatu ditzagun baita emaitza horiek lortzeko hezkuntza
sistemak eskaintzen dituen baldintzak ere. Izan ere, ez da gauza bera 18 ikaslez osatutako
talde batean ikasle bat artatzea edo 25ekoan. Ez da gauza bera behar bereziak dituen ikasle
bati arreta eskaintzea profesional espezializatuak alboan izanda edo horiek falta direnean. Ez
da gauza bera klaustro egonkor batekin lan egitea edo etengabe aldatzen diren plantilekin.
Beraz, lan baldintzek ere eragina dute emaitzetan.
Ezin zaigu irakasleoi exijitu sistemaren gabeziak ahalegin indibidualarekin konpontzeko.
Honekin ez dugu esan nahi irakasleon lana edo hezkuntza praktikak aztertu behar ez direnik,
baina hezkuntza sistema osoa ebaluatu eta hobetu behar da. Ebaluazioak balio du baldin eta
haren ondorioz erabakiak hartzen badira, baliabideak jartzen badira eta ikasleen beharrei
erantzuteko neurriak hartzen badira.
Hezkuntza politika ausartak behar ditugu.
Baliabideak behar ditugu. Eta hezkuntza publikoaren
aldeko konpromiso politiko irmoa behar dugu.
Bestela, arriskua argia da: datu gehiago, txosten gehiago, ebaluazio gehiago eta eskakizun
gehiago irakasleontzat; baina baliabide berberak ikastetxeentzat. Emaitza hobeak nahi
baditugu, eskoletan baldintza hobeak behar ditugu. Eta irakasleok oinarrizko zerbait behar
dugu: denbora. Irakasteko denbora, prestatzeko denbora, koordinatzeko denbora, ikasle
bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko denbora, haien familiekin elkarlanean aritzeko
denbora eta beste gizarte eragileekin lanean aritzeko denbora.
EUSKAL ESKOLA PUBLIKO HOBE BATEN ALDE BORROKAN JARRAITUKO DUGU.
