Sakanan hasi dira “harria mugitzen”

Sakanako Sarek gaur eman du urtarrilaren 9ko hitzorduari begira lehenengo pausoa. Bilboko kaleak jendez betetzeko deialdiarekin batera, urtarrilaren 10an Etxarri Aranatzen eginen den elkartasun jaialdiaren berri eman dute.

2015-ko abenduak 12

“Harriak mugitu behar dira, mugitu behar ditugu”. Helburu horrekin, Sakanako Sare hasi da mugitzen euskal errepresaliatu politikoen eskubideen defentsan. Begirada guztiak, urtarrilaren 9an Bilbon dagoen hitzorduan, eta baita ere, Sakana mailan, urtarrilaren 10an Etxarrin eginen den elkartasun jaialdian.

“Alferrikakoa da orain eztabaidatzen hastea noraino ailegatu nahi dugun bidean, harriak mugitzen ez badira, ez baitugu oso urruti iritsi behar”, dio Sakanako Sarek. “Eta harriak mugitzen hasita, argi dago haietatik tiratzeko daukagun soka egun ez dela denak batera besarkatzeko bezain luzea, horretarako prest gauden guztion artean ere ez dugula nahikoa indar denak mugitzeko aldi berean; eta, beraz, helburu lorgarrienetatik hasi eta larrienak kentzeari eman behar diogu lehentasuna”, gaixo larriak dauden presoei erreferentzia eginez.

Preso horietako batzuk kaleratzea hil ala biziko kontua dela gogora ekarri dute. “Espetxe politika aldatzeko eta sakabanaketa amaitzeko inflexio puntu batean aurkitzen gara. Kalean egoteko garaia da, behin eta berriz gure ahotsa lau haizetara zabaltzeko, gure senideen ahotsa entzunarazteko, haien eskubideen alde indarrak metatzeko eta beste sektore batzuetako jendea aldarri horretara erakartzeko; eta, horretarako, indar erakustaldi hori irudikatzeko, urtarrilaren 9an Bilboko hiria lepo bete behar dugu”, azpimarratu dute.

Dispertsioarekin bukatzea ere lehentasun bat dela argi utzi nahi izan dute gaurko ekimenarekin.  “Tiraka eta tiraka larriki gaixoak dauden presoak euren etxeetan egoteko; tiraka eta tiraka baldintzak betetzen direnak kaleratu ditzaten; tiraka eta tiraka, zigorrak betetzeari buruzko Europako legedia aplikatzea eragozten duen salbuespeneko araudia amaitzeko”.

Gehiago