Mugi daitezen harriak!
Urte asko, urte gehiegi igaro ditugu labirintoan. Irteera sumatu ezinik. Handik aterako gintuen hariaren bila. Baina, urte askoren buruan, azkenean aurkitu egin dugu! Hari argia. Argi izpia. Irteera aldera goaz orain, aterabidearen hurbiltasunarekin eta itxaropenarekin. Nor bere hari zatiari helduta.
2015-ko abenduak 10
Baina, ibilbidean aurrera, hainbat harri
agertu zaizkigu. Hainbat behaztopa harri etsigarri. Batzuk ttikiak dira,
baztertzen errazak. Beste batzuk mugituko baditugu, esku askoren
laguntza behar. Baina badira harri puska mugigaitzak ere. Alimalekoak.
Labirintoa labirintikoago egiten dutenak, irteeraren poztasuna zapuzten
dutenak.
Baina harriak ez daki nire haria hariagoa dela
zurearekin lotuz gero, eta guztion hariak harilkatuta, soka bat sortzen
dela. Zenbat eta hari gehiago lortu, zenbat eta hari gehiago lotu,
orduan eta sokagoa da soka, sendoagoa, gotorragoa. Eta hamaika hari
finez osatutako soka irmoaz harria bilduta, denok norabide berean, tira
handik eta tira hemendik, kirrikilun-karrakilun, harria mugitzea lortu
dugu. Eta bidea zabaltzearekin batera, konkorra gutxitu egin zaigu eta
tenteago goaz gu, zuzenago, zeren urte asko, urte gehiegi igaro
baitigugu labirintoan, zama handiegiarekin.
Eta urrun ditugunekiko hurbiltasunak eta itxaropenak bultzatzen gaituzte irteerarantz.