Lehengo lepotik burua: BOEn legeak katalanez, baina ez euskaraz

Urtzi Saratxaga Lozano

Administrazioan Euskaraz Taldea

2026-ko irailak 18

Tamalez, lehengo lepotik burua: Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean (gaztelaniazko siglekin, “BOE”) legeak ez dira euskaraz argitaratzen. Aldiz, katalanez argitaratzen dira Diputatuen Kongresuak behin betiko onartutako legeak ez ezik, baita bestelako arau garrantzitsuak ere. Espainiako Diputatuen Kongresuaren Erregelamenduaren 2023ko iraileko aldaketan honakoa jaso zen: Kongresuaren Mahaiak beharrezko neurriak hartuko ditu euskaraz argitaratzeko ganbera horrek behin betiko onartzen dituen lege-ekimenak. Horretarako, Diputatuen Kongresuak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu zuten 2024ko abenduaren 3an. Hedabideetan agertu zen, eta aurrerapen garrantzitsutzat jo, arrazoi guztiz. Hala eta guztiz ere, Espainiako Gorte Nagusien Aldizkari Ofizialak eta BOEk segitzen dute legeak euskaraz argitaratu gabe.

Euskararentzat aukera bikain hori gal ez dadin, eskaerak bidali ditugu Espainiako Diputatuen Kongresura eta Euskaltzaindira, baita parlamentu-taldeen bozeramaileei idatzi ere. Erantzun on batzuk jaso baditugu ere, egoera ez da aldatu. Espainiako Herriaren Defendatzaileak ez du gure kexa onartu ere egin, argudiatuz Kongresua ez dela bere jardunean sartzen.

2025ean, Euskaltzaindiak erantzun zigun testuak jasotzeko sistema eta itzulpenak bideratzeko prozesua zehazten ari zela, baina ordutik hona denak berdin jarraitzen du.

Emaitza begi bistan daukagu: eragiten diguten lege horiek gaztelaniaz irakurtzen jarraitu behar dugu euskaldunok. Hala ere, oraindik aukera dago egoera zuzentzeko eta onartu zena betetzeko, alegia, Kongresuak behin betiko onartutako legeak euskarara itzultzeko eta argitaratzeko.

Baliteke Euskaltzaindiak baliabide nahikorik ez izatea horretarako, ez baita lan makala horrelako testuak itzultzea. Edonola, Euskaltzaindiak ezin badu, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hartu beharko dute ardura hori.

Kontuak kontu, euskara ezin da beste behin bazterrean geratu eta gure agintariek gaiari heldu behar diote. Bide batez, bada garaia Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartzen dituzten legeak euskaraz ere argitaratzen hasteko BOEn, zentzugabea baita euskarazko testua idatzita dagoenean argitaratu gabe geratzea.

Gehiago