Iker Aristuren heriotzaren aurrean, torturaren ondorio larriez ohartarazi du EH Bilduk

2026-ko irailak 8

EH Bilduk doluminak helarazi dizkie Iker Aristu iruindarraren senide eta lagunei eta “tortura latzak jasan dituzten pertsonengan eragiten dituen ondorio fisiko eta psikologiko larri eta konponezinen inguruan” ohartarazi du.

Aristu 2008. urtean atxilotu zuten kale borrokaren kontrako operazio batean. Tortura gogorrak jasan ondoren kartzelan sartu zuten. Hilabete gutxi egon zen espetxean. Aske utzi zutenetik beldurra, angustia, antsietatea sarritan sentitu izan zituela aitortu zuen. Zazpi urte igaro ziren haren eta beste bederatzi lagunen epaiketa hasi arte, Segiko kideak izateaz akusatu zituzten; orduan, torturak jasan izana berretsi zuten hainbatek. Bere bizipenak gogora ekarri zituen ‘Gau Ilunak’ izeneko antzerki obra laburraren bitartez, ‘Escenika’ kultur ekoiztetxearen eskutik. “Artea oso modu egokia da horrelako gertaera gordinak ezagutzera emateko”, esan zuen orduan Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa batean, eta buruko osasunaren inguruan dagoen tabua hautsi beharra zegoela gaineratu zuen.

EH Bilduk gogoratu du Aristu Estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu zuela ofizialki Nafarroako Gobernuak 2024an, motibazio politikoko ekintzen ondorioz giza eskubideak urratu zitzaizkien biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Foru Legea aplikatuz. Errekonozimendu instituzional horrek poliziaren zaintzapean jasan zituen eskubide urraketa larriak egiaztatu zituela azpimarratzen du koalizio abertzaleak.

EH Bilduk salatu du “tortura ehunka euskal herritarren aurka hamarkadetan erabilitako praktika sistematikoa” izan dela, eta horren ondorioek “biktimen bizitza osoan irauten dutela”. Ezker subiranistak berretsi egin du “Estatuaren indarkeria jasan duten pertsona guztientzako egiarekin, justiziarekin eta erreparazio integralarekin duen ezinbesteko konpromisoa, eta nabarmendu du aitortza ofizialarekin batera zigorgabetasunaren amaiera eta horrelako urraketak berriro gerta ez daitezen benetako konpromisoa egon behar direla”.

Gehiago